Nadeth Agirre: "Igandean ez dugu ezer galtzeko, eta dena dugu irabazteko"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko ira. 9a, 10:15

Nadeth Agirre (Aiora Larrañaga/Hitza) NADETH AGIRRE - Orioko emakumezkoen traineruko patroia Orio aspaldian ez da egon Kontxako Bandera lortzetik horren gertu. Zirrara berezia sortzen al du horrek? Inork ez zuen bandera irabazteko lehia horretan egongo ginenik espero. Guk jakin bagenekien ondo geundela; azken asteetan entrenamendu onak egin ditugu, eta, bezperan, Donostian entrenatu ginenean oso ondo ibili ginen. Entrenatzaileak esaten zigun gugan sinetsi behar genuela, eta horrela egin dugu. Joan den igandeko estropada goizean goiz hasi zen. Oso kontzentratuta geunden, eta, Donostian ere, jendearengandik aparte egon ginen. Beroketa oso ona egin genuen, eta estropada ederra atera zitzaigun. Gure helburua, ziabogara San Juanekin batera iristea zen. Bagenekien hori lortzen bagenuen, bueltako luzean ondo etorriko ginela-eta. Igandekoa zortea izan al zen? Egindako lanaren fruitua da igandean lortutako emaitza. Urte gogorra izan da aurtengoa; hasieran ondo hasi ginen, negu partean bi jaitsiera irabazi genituen. Hala ere, arraunlari askok taldea utzi dute, baita entrenatzaileak ere, eta egoera berrira egokitu behar izan dugu. Gora-beheratsua izan da. Azkenean, taldeak aurrera egin du, eta egindako ahaleginak eta lanak emaitzak eman ditu. Igandeari begira nola ikusten dituzu aurkariak? San Juan, Hibaika eta gu hiru segundoko tartean sailkatu gara. Talde horiek gu baino indartsuago daudela uste dut. San Juanek arraunlari asko ditu, eta oso talde egonkorra da. Hibaika ere beti hor dago, eta gu baino indar fisiko gehiago dutela esango nuke. Gu talde gaztea gara, baina aurten teknika asko landu dugu, eta hori nabaritu egin da emaitzetan. Gainera, alderdi psikologikoa ere oso garrantzitsua dela uste dut, igandeko estropadan zeresan handia izango du. Gu inoiz ez gara besteengandik hain gertu egon, eta hori haientzako presioa da, are gehiago urteko estropadarik garrantzitsuenean. Igandean zein asmorekin joango zarete Donostiara? Ez dugu ezer galtzeko, eta dena dugu irabazteko. Oso diferentzia txikia dugu, eta estropadetan faktore askok eragiten dute; horregatik, kaleen zozketan zortea izatea espero dugu, eta eskatzen hasita itsaso mugitu samarra egotea eskatuko genuke. Joan den igandean Orioko gizonezkoen trainerua ohorezko txandatik kanpo geratu zen. Beste behin argi geratu da estropadetan ezustekoak gertatu daitezkeela? Argi dugu igandekoa beste estropada bat izango dela, zerotik hasi behar da. Horregatik, uretara ahal dugun lanik onena egitera aterako gara. Herritarren babesa antzeman al duzue azken egunetan? Bai, asteleheneko entrenamenduan moila aurretik pasatu ginen, eta jendetza zegoen guri begira, animoak ematen. Oso berezia izan zen. Horretaz gain, orain arte lehenengo igandean normalean ez zen inor jaisten arranplara guri ongietorria ematera, baina aurten jendea etorri zaigu, eta benetan eskertzen da. Espero dugu igande honetan ere oriotarrak arranplara jaistera animatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide