Orio Arraunketa Elkarteko arduradun bat 1939ko Kontxako Bandera bitrinatik ateratzen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Azken asteetan zalaparta sortu da Orion 1939ko Kontxako Bandera dela eta. Ez, ordea, datorren igandean Orioko gizonezkoen traineruak ohorezko txandan ez duelako jokatuko. Donostia Kultura erakundeak Oriok irabazi zuen 1939ko Kontxako Bandera baliogabetu egin du. 2016ko abuztura arte Oriok 31 Kontxako Bandera zituen bere palmaresean, baina orain 30 ditu.
Abuztuaren hasieran jakinarazi zuen erabakia Donostia Kultura erakundeak, baina albisteak ez zuen oihartzunik izan, eta abuztuaren amaiera arte Orio Arraunketa Elkarteko eta Orioko Udaleko ordezkariek ez zuten jakin horren berri. Horregatik, Donostiako Udalak jarraitu duen prozedurarekin «erabat haserretuta» daude arraun elkartean. «Horren gai garrantzitsua jakinarazi egin beharko liguketela uste dugu», azaldu dute elkartetik.
Donostiako Udalak hurrengo arrazoiak eman ditu 1939ko bandera baliogabetzeko: alde batetik, estropada jokatu zen eguna. Estropada irailean jokatu beharrean, apirilaren 10ean jokatu baitzen. Bestetik, eman zitzaion izena: Garaipenaren Estropada, eta «Espainiako Itsas Armada Nazional Loriatsuaren omenez egin zen».
Distantzia ere ez zen ohikoa izan, 1’5 miliako ibilbidea egin zuten parte-hartzaileek, txanda bakarrean. Eta hiru ontzik bakarrik parte hartu zuten, Oriok, Getariak eta Donostiak. «Ekitaldi politikoa izan zen, eta ez ludikoa, Gerra Zibila Espainiako Bando Nazionalak irabazi zuela ospatzeko egindakoa».
Oriotarrak ez daude ados
Orioko Arraun Elkartea ez dago ados bandera baliogabetzearekin, ezta jarraitu den prozedurarekin ere. Alde batetik, gogorarazi dute, gaur egun ez dagoela estropada hura jokatu zuen inoren lekukotzarik. Azaldu dute, baina, herrian beti kontatu dela, belaunaldiz belaunaldi, estropada hartarako deialdia Donostiako Estropada jokatzekoa izan zela. «Kontuan eduki behar da, garai hartan, traineru estropadak urtean behin bakarrik jokatzen zirela Donostian. Ez zen gaur egun bezala, Donostian liga desberdinetako estropadak eta txapelketak jokatzen baitira. Donostiara estropadak jokatzera deitzen zenean, argi zegoen zertara zihoazen arraunlariak», adierazi dute. Gainera, herrian esaten da, urte hartan «behartuta» joan zirela arraunlariak estropada jokatzera, «ea zein jartzen zen garai hartako agindu baten kontra».
Arraun elkartearen iritziz, Orion galdeketa bat egitea ere egokia izango litzateke. «Badirudi, ordea, Orioko memoriaz eta testigantzaz ez dutela ezer jakin nahi. Jakina den arren, Euskal Herrian gai asko ahozko transmisioaren bidez iritsi direla gaur egunera».
Bestalde, bandera baliogatzeko erabili duten prozeduraz ere iritzia eman du arraun elkarteak: «Ez ziguten erabakia zuzenean helarazi. Uste dugu merezi dugula erabakiaren berri jakitea. Horregatik, egin dutena errespetu falta iruditu zaigu».
Gertatutakoa jakin orduko, abuztuaren 28an eta 29an, Orio Arraunketa Elkarteak eta Orioko Udalak haien desadostasuna agertuz txostena bidali zieten Donostiako Udaleko arduradunei. Donostiatik erantzuna jaso dute, eta orain arraun elkarteko batzordea Donostiako Udaletik jasotako oharra aztertzen ari da.