Bi lagun atxilotu dituzte Orion ustez Aiako eta Usurbilgo baserrietan lapurreta egiteagatik

Urola Kostako Hitza 2016ko irailaren 8a

Oribarzar hondartza. (Hitza) Astearte goizean Ertzaintzak 60 eta 38 urteko bi gizon atxilotu zituen Orioko Oribarzar hondartzaren inguruan. Antza denez, agenteei susmagarria egin zitzaien neguko berokia eta txanoa jantzita eta eskuetan tablet bat eta eskularrua zeramatzan gizon bat. Zer zebilen galdetuta bere aitarekin zegoela adierazi zien gizonak agenteei, eta ertzainek bi gizonei galderak egin zizkieten zertan zebiltzan jakiteko. Ertzaintzatik adierazi dute, erantzun koherenteak ematen ez zituztela ikusita, agentzeek bi gizonak identifikatu zituztela eta beren ibilgailua aztertu. Bertan, sei ordulari, urrezko bitxiak, telefono mugikorra eta hainbat lan tresna aurkitu zituztela adierazi dute. Horretaz gain, ingurua miatu zutenean harri baten azpian 700 euro eta urrezko beste hainbat bitxi aurkitu zituztela ere zehaztu dute. Bi gizonei aurkituta materiala Aiako eta Usurbilgo baserri banatan egindako lapurretetan ostutakoa zela ohartu ziren agenteak. Ertzaintzatik adierazi dute, bi kasuetan lapurrek etxea eskalatu eta leihoa behartuta lapurtu zutela materiala. Oraindik ikerketa zabalik dago, aurkitu ziren gainontzeko objetuak beste lapurreta batzuetakoak izan daitezkeela uste baitu Ertzaintzak. Atxilotutako bi gizonak Donostiako Epaitegiaren esku daude orain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide