Pasa den urteko Karela Festan oriotar bat Triatlon Indoor proban parte hartzen. (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Irailaren 17rako, larunbatarekin, Karela Festa antolatu dute Orioko Karela Kiroldegian. Iaz egin zuten lehen aldiz ekitaldia, eta bildutako dirua Juneren Hegoak elkartearentzat izan zen ordukoan. Aurten Hotz Zarautz elkartera bideratuko dute festan bildutakoa, eta Europako ekialdean egoera larria bizi duten errefuxiatuei laguntza ematea izango da diru bilketaren helburua.
Dirua biltzeko, iaz bezala, haurrei eta helduei zuzendutako hainbat jarduera antolatu dituzte larunbaterako. Arratsalde partean egingo dute festa, 15:30etik aurrera, eta parte-hartzaileek kirola eginez ondo pasatzeko aukera izango dute.
Haurrentzat hainbat jarduera prestatu dituzte: besteak beste, eskalada saioa, uretako puzgarriak eta eskulanen txokoa. Bestalde, helduentzat indoor triatloia, eta jump eta spining saioak eskainiko dituzte.
Horretaz gain, datozen egunetan ere ekarpentxoa egiteko aukera izango dute herritarrek errifa solidarioa erosiz. Euro baten truke eros daiteke boletoa, eta herriko denda eta kirol klub ezagunen opariak zozkatuko dituzte. Boletoak Orioko Karela kiroldegian eta Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian daude salgai, eta zozketa irailaren 17an bertan egingo dute, 19:00etan.
Izena ematea zabalik
Karela Festan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Orioko Karela kiroldegian eta Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian; baita solidario@bpxport.es helbidera idatzita edo 943-89 44 28 telefono zenbakira hots eginda.
EGITARAUA
Irailak 17, larunbata
- 15:00etatik 16:00etara. Indoor Triatloia helduentzat. Partaideko 3 euro ordaindu behar da.
- 15:30etik 19:00etara. Haurrentzat jarduerak: uretako puzgarriak igerilekuan, eskalada rokodromoan eta eskulanak. Sarrera 3 euro ordaindu beharko da.
- 17:00etatik 17:30era. Haurrei zuzendutako Jump Kids saioa. Parte-hartzaileko 3 euro.
- 17:30etik 19:00etara. Helduentzat saioak: 30 minutuko spining saioak eta 30 minutuko jump saioa. Saio bakoitzeko 3 euro ordaindu behar dituzte parte-hartzaileek.
- 19:00etatik 19:45era. Helduentzat jump-spining saioa. Biak batera egingo dituzte. 5 euroko prezioa izango du saioak.