Kukuarri bidean gertatu zen ezbeharra. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Astelehen arratsaldean, 18:00ak inguruan istripua gertatu zen Kukuarri bidean. Idisko batek Eusebio Eskudero oriotarra erasotu zuen, eta bertan hil zen gizona kolpeen ondorioz. Gertatutakoa ikusi zuen Xabier Ibarbia oriotarrak, eta laguntzera joan zenean hari ere erasotzen saiatu zen idiskoa, baina honek alde egitea lortu zuen eta Andu baserrira joan zen korrika laguntza eske. Andu baserriko etxekoandreak larrialdi zerbitzura hots egin zuen, eta suhiltzaileak eta ertzaintza bertaratu zen ingurura. Ibarbia bera ere zauritu egin zen eta ospitalera eraman zuten, baina etxean da dagoeneko.
Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, baina antza denez inguruko baserri bateko lurretatik ihes egin zuen idiskoak eta noraezean geratu zen Kukuarrira doan bidean. Andu baserritik adierazi dutenez, "oso arraroa" izaten da horrelako eraso bat gertatzea. "Nik 50 urte ditut eta ez dut inoiz horrelakorik ezagutu. Jende asko pasatzen da egunero bide honetatik, eta guk esaterako abereren bat urduri dagoela ikusten dugunean ikuilura ekartzen dugu badaezpada". Beste baserri batetik ihes eginda zebilen idiskoa, eta Anduko baserritarrak uste du "aberea bere ingurutik kanpo sentitu zenean urduri jarri zela, eta norbait gerturatzen ari zela ikusi zuenean eraso egin ziola". Urola Kostako Hitzak jakin duenez, astelehen arratsaldean bertan beste herritar bat idiskoarekin topatu zen Kukuarrirako bidean, urrutira nahiko urduri ikusi zuen aberea, eta buelta ematea erabaki zuen badaezpada.
Orioko Udalean "oso atsekabetuta" daude gertatutakoarekin, eta Orioko alkate Joxe Angel Zaldua familiarekin egon zen atzo bertan doluminak eman eta Udalaren laguntza eskaintzeko. Zalduak azaldu duenez, "kolpe gogorra" izan da herrian. "Astelehen arratsaldean jaso nuen abisua eta Andu baserrira igo nintzen segituan, bertan baitzeuden suhiltzaileak eta ertzainak. Suhiltzaileek atera zuten gorpua eremutik eta Gipuzkoako auzitegi medikuaren egoitzara eraman zuten, bertan dagozkion probak egin eta Eskudero nola hil zen argitu dezaten". Orioko alkateak azaldu du Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari dela, "gaur goizean bertan izan dira eremua aztertzen. Badakigu kolpe baten ondorioz hil zela Eskudero, adarrik ez baitzuen idiskoak. Hala ere, orain auzitegi medikuak eta Ertzaintzak argitu beharko dute zer gertatu zen eta nola iritsi zen idiskoa bertara".