AEK arduratuko da Orioko Euskaltegiaz aurten ere

Urola Kostako Hitza 2016ko abuztuaren 8a

Orioko Udalak lehiaketa publikoa egin du eta Urola Kostako AEK-k egin du euskaltegia kudeatzeko proposamen onena, teknikoki zein ekonomikoki. Irailean kontratu bat sinatuko dute bi aldeek, eta hiru urte iraungo ditu. Behin hiru urte pasatuta, kontratua beste hiru urtez luzatzeko aukera izango da. Udalak, gehienez ere, 38.440 euro ordainduko dizkio AEKri ikasturtero, zerbitzua emateagatik. Iaz ere AEK arduratu zen zerbitzuaz, baina kontratuaren prezioa txikiagoa zen, 20.500 eurotakoa, zehazki. Matrikulazio datu onak izan zituen euskaltegiak eta, ondorioz, diru kopuru hori ez zen nahikoa gastuak ordaintzeko. Hori dela eta, aurten berriz ere lehiaketa jarri du martxan udalak, diru kopurua areagotuz. Iazko matrikulazio datuen araberako estimazioa egin du erakundeak kontratuaren zenbatekoa kalkulatzeko. Horren arabera, 60 ikasleri eskainiko dio AEKk zerbitzua, gutxi gorabehera, iaz euskaltegian ibilitako jende-kopuru berari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide