Orioko Udalak kaleratzeen eta pobreziaren aurkako mozioa irailean jorratuko du

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko uzt. 28a, 10:00

Orioko udaletxea. (Aiora Larrañaga/Hitza) Opor aurreko azken udalbatzarra egin zuen Orioko Udalbatzak astearte arratsaldean. Orion gertatu berri den etxebizitza desjabetze kasuari lotuta, EH Bildu eta PSE-EE talde politikoek aurkeztutako mozioa jasota zegoen gai zerrendan, Orioko Udalak etxe kaleratzeen, pobreziaren eta desberdintasunaren kontrako neurriak hartzea proposatuz. Hala ere, EAJren udal taldeak eskatuta gai zerrendatik atera zuten gaia, eta mozioa hurrengo udalbatzarrean bozkatzea erabaki zuten, aho batez. Dena dela, EH Bilduk mozioa orain dagoen moduan onartzeko inongo arazorik ez duela argitu zuen koalizioko zinegotzi Emeterio Iribarrek: «Ez dakigu EAJren jarrera zein izango den mozio horren aurrean, beste udaletan eta Gipuzkoako Foru Aldundian aurka bozkatu baitu. Ez dakigu zein aldaketa proposatu nahi dituzten». Gainera, zehaztu zuen horrelako protokoloak «ahal den azkarren onartzea» garrantzitsua iruditzen zaiela, beste kasuren bat gertatuko balitz udaletik erantzun egokia emateko. Jose Angel Zaldua alkateak adierazi zuen, mozioaren inguruan batzordean eztabadaitu eta udal taldeek ekarpenak egiteko aukera izateko proposatu dutela gaia atzeratzea: «Gaia serioa da eta denon artean hitz egin behar dugu». Iraila bitartean mota horretako beste kasuren bat gertatuko balitz herrian udalak kaltetua lagunduko duela azaldu zuen alkateak: «Udalak kaltetuari eman diezaiokeen laguntza emango dio, orain eman zaion bezala. Ez da inor zintzilik utziko». Igoera kiroldegiko saioetan Udal kiroldegiko tasak aldatzea ere erabaki zuten herenegungo udal osoko bilkuran. Bertan ikastaroen tarifak %2a igotzea proposatu zuten. EH Bildu, Orain eta PSE-EE aldaketaren alde agertu ziren, eta EAJ abstenitu egin zen. Orioko alkateak azaldu zuen bere udal taldea ez dagoela igoeraren aurka: «Guk kiroldegiko enpresari balantze ekonomikoa eskatu genion, eta datuak oraindik ez dizkigute eman. Datuak ez dauzkagunez, abstenitu egin gara». Bestalde, galdera eta eskarien atalean, EH Bilduko zinegotzi Gotzon Igoak Hondakinen Mahaia biltzeko eskatu zion alkateari. Eskaera idatziz aurkeztu duela gaineratu zuen, baina ez duela erantzunik jaso. Udal Gobernutik egindako eskaera kontuan hartuko dutela erantzun zioten Igoari. Hondakinen gaiarekin jarraituz, udaletxeko balkoian birziklapen tasa zehazten duen datua aldatu gabe dagoela nabarmendu zuen Igoak eta hori aldatzeko eskatu zuen. Alkateak erantzun zion, esananaz, azken datuen arabera birziklapen tasa %42 ingurukoa dela eta tartea txikia denez, ez aldatzea erabaki dutela. Hala ere, EH Bildutik nabarmendu zuten, «garrantzitsua» iruditzen zaiela datua aldatzea, «udaletik jarraipena egiten ari garela ikusteko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide