Antonio Freire: "Banketxeak gure etxea enkantean ateratzeko prozedura geratu du"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko uztailaren 27a

Antonio Freire oriotarrak bere kasua argitara eman du azken astetan. (Aiora Larrañaga/Hitza) Krisi ekonomikoa hasi zenetik etxe kaleratzeen eta desjabetzeen berri eman dute komunikabideek behin eta berriz. Eskualdean oso kasu gutxi ezagutu dira, eta horregatik urrutiko kontua zela uste izan du herritar askok. Dena dela, egon badaude, baina inguruan dauden kaltetuek isilpean gorde izan dituzte hipoteka edo maileguak ordaintzeko zituzten arazoak. Pasa den asteazkenean bertan herritar ugari bildu zen Bankoak Donostiako Askatasunaren Etorbidean duen egoitzan Antonio Freire eta bere familiaren egoera salatzeko. Familia oriotar honi, duela hainbat urte eskatu zuen 150.000 euroko mailegua ordaintzeko 6.800 euro eskas falta zitzaizkion, baina hiru hilabetez maileguaren kuota ordaintzerik ez zuten izan, eta beren etxea enkantean ateratzeko prozesua hasi zuen bankuak automatikoki. Egoeraren larritasunak bultzatuta, lagun baten gomendioz, Hipotekak Kaltetutakoen Plataformara jo zuen Freirek. "Asko kostatu zitzaidan urratsa egitea. Lotsagatik isilpean bizi ohi dira horrelako arazoak, baina ez naiz damutzen gure kasua argitara eman izanaz. Elkarteko adituek gure kasua aztertu zuten, aholkuak eman zizkidaten eta jarraitu beharreko bidea azaldu. Haiei esker esperantza berreskuratu dugu etxean", dio oriotarrak. Prozesua nahiko azkarra izan dela aitortu du: "Kontsumitzaileok ez dakigu zer egin behar dugun horrelako arazo bat dugunean. Kasuak epai bidea hartzen duenean kaltetuok hamar egun ditugu errekurtsoa sartzeko, baina inork ez zigun horrelakorik azaldu, eta ezjakintasunaren ondorioz denbora pasatu zitzaigun". Horregatik, oriotarrak Hipotekak Kaltetutakoen Plataformara jo zuenean, kasua argitara eman eta mobilizazioa antolatzea erabaki zuten elkartetik. Bankuaren erantzuna azkarra izan zen; elkarretaratzearen egunean bertan bankuko zuzendariarekin bildu ziren Freire eta plataformako abokatua, eta ordura arte mailegua ordaintzeko eman ez zizkioten erraztasunak eskaini zizkion. "Bankoa ondo portatu da, Guindos Errege Dekretua izenez ezagutzen denaz baliatzeko aukera eman digu. Etxea enkantean ateratzeko prozedura geratu du, eta bost urtetan Euriborra gehi %0,25a ordaintzeko aukera eman digu. Epe hori amaitutakoan jarraituko genuke mailegua ordaintzen". Horrek burua jaso eta aurrera egiteko aukera emango diela uste du Freirek, "zorraren pisuak egunerokoa markatu baitigu azken urteetan". Orain, Bigarren Aukerako Legera heltzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu behar du familiak, eta horretan ari dira. Maileguari ezin aurre egin Orioko familiarentzat urte gogorrak izan dira pasatu direnak. Senarra langabezian geratu eta okertu zen haien eguneroko martxa. "Ordura arte beti fin-fin ordaindu genuen mailegua, eta zorra kitatzeko bederatzi kuota bakarrik falta zitzaizkigun. Lana galdu aurretik hainbat hilabetetan ohikoa baino beranduago ordaindu zidaten soldata eta hor hasi ziren arazoak, atzerapen-interesak zirela-eta zorra handitzen hasi baitzen". Langabezian geratu zen Freire, eta une horretan etxean berak bakarrik lana egiten zuenez, maileguaren hilabeteko kuotak ordaintzeko arazoak sortu zitzaizkien. "Hasieran familiakoek eta ingurukoek lagundu ziguten, baina une batean nora jo ez genekiela geratu ginen. Ordaindu nahi genuen, baina maileguaren kuota ordaintzea baino garrantzitsuagoa da familiak jatea". Ezintasun sentipena egunerokoa egin zitzaiela aitortu du Freirek: "Noraezean sentitzen zara, eta lotsa publikoak gertatzen dena azaltzea galarazten du. Errudun sentitzeak blokeatu egiten zaitu, eta etxeko giroa okertu egin zen". Laguntzarik gabe zulo horretatik ateratzea ezinezkoa dela uste du. Egun batean, lotsa alde batera utzita, Hipotekak Kaltetutakoen Plataformara jo zuen Freirek. "Errudun sentsazioa gainditzen lagundu zidaten, kontsumitzaile bezala eskubideak nituela azaldu eta Banketxeen Jardunbide Egokien Kodeaz hitz egin zidaten". Gertatutakoa argitara ateratakoan herritarrek izango zuten erantzunak ere kezkatzen zuen familia. Dena dela, ezusteko atsegina izan dute, "babes handia" jaso baitute herritarrengandik, eta alderdi politikoetako ordezkariengandik. "Gure kasuak herritarrei begiak irekitzeko balio izan diela uste dut. Ezkutuan dagoen gaia da, baina gertatu zaiguna kontatzeko urratsa egin dudanean, edonori gerta diezaiokeela ikusi dute askok". Laguntza emateko prest Freireren iritziz, "borroka hasi besterik ez da egin". Gertatutakoak begiak ireki dizkio, eta egoera bera bizi dutenei laguntzeko prest dago. "Pasa den astean, Errenterian izan nintzen BBVA bankuaren aurrean kaltetu bati zorra barkatu ziezaiotela eskatzen. Izan ere, Pedro Martin Herasek bere negozioa eta etxea galdu zuen eta soldata bahituta dauka, Swap izeneko aktibo toxiko baten ondorioz. Swapa kentzeko 25.000 euroko mailegua eskatzeko gomendatu zion bankuak, baina dena galdu zuenez, ezin izan zuen mailegua ordaindu, eta orain 160.000 euro zor ditu". Errenteriako herritarrarena muturreko kasua bada ere, Freirek uste du eskualdean egon daitezkeela hipotekak ordaintzeko arazo larriak dituzten familiak. "Krisiaren aurretik eskualdean etxebizitzak oso garesti saldu ziren, eta langabezia tasa asko igo den urteetan, uste dut herritar askok estuasun uneak pasatu dituztela hipotekei buelta emateko". Dena dela, kaltetuek bizitako egoera gogorra ez dute publiko egin. "Gure kasua ezagutu denean, hainbat herritar etorri da nigana gure egoera berean dagoen jendea ezagutzen duela esanez». Horiei guztiei laguntzeko prest dago Freire. Jakin badaki asko kostatzen dela aurpegia ematea, horregatik, "herritarren batek nor den esan nahi ez badu, ez dago arazorik. Telefonoz deitu diezaidake edo gutun bat buzoian utzi bere kasua kontatuz. Guk jarraitu dugun bidea azalduko diot eta Hipotekak Kaltetutakoen Plataformarekin harremanetan jarriko dut". Freiren iritziz garrantzitsuena, «egoera gogor hori bizi duten herritarrek bakarrik ez daudela eta irtenbidea badagoela ikustea da. Horretan buru-belarri murgiltzea da nire asmoa aurrerantzean".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide