Orioko Eusko Gudari kalea. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Asteazkenean goizean bi lagun atxilotu zituzten Orion “besarkadaren metodoa” erabilita erloju bat lapurtzeagatik. Ertzaintzatik adierazi dutenez, biktimak autoan eserita zegoen eta leihatila jaitsita zuen. "Emakume gazte bat hurbildu zitzaion, zerbait esan eta gainera bota zitzaion; eskumuturra heldu, eta erlojua kendu zion. Gero, emakumea atzean zegoen auto batera hurbildu zen, eta itxuraz bere konplizeari eman zion erlojua" zehaztu dute. Segituan abisua jaso zuten Orioko udaltzainek, eta agenteak Eusko Gudari kalera jo zuten. Herritarrek emandako azalpenei esker lapurra identifikatu zuten, eta zerbitzuz kanpo zegoen ertzain baten laguntzarekin ustezko bi lapurrak geratu zituzten.
Ertzaintzaren patruila batek egin zituen bidezko identifikazioak eta egiaztapenak. Salaketaren arabera, atxilotuetako batek lotura du ekainaren 15ean Orion gertatu zen beste lapurreta batekin. Orduan, egileak besarkada bat eman zion kalean biktimari eta bi domina zituen urrezko kate bat lapurtu zion.
Bi atxilotuak epailearen aurrera eraman dituzte.