Sara Iparragirre: "Ez nuen inoiz pentsatuko honaino iritsiko nintzenik saskibaloian"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2016ko uztailaren 15a

Sara Iparragirre (Orio, 1998) saskibaloi jokalari oriotarrak 18 urte azpikoen mailako Espainiako Selekzioarekin Europako Txapelketa jokatuko du hilaren 23tik 31ra bitartean.

Sara Iparragirre. (Alberto Nevado/ Espainiako Saskibaloi Federazioa) Zer moduzkoa izaten ari da prestaketa? Uztailaren 1etik gaude kontzentratuta Espainiako Selekzioarekin. Leganesen entrenatzen egon gara, eta pasa den asteburuan lagunarteko txapelketa bat jokatu genuen Errusiaren eta Herbereen aurka. Egia esan, nahiko ondo joan zaigu txapelketa, bi partida nahiko erraz irabazi genituen-eta; gainera, antzeman dugu pixkanaka selekzioa talde izaera hartzen ari dela. Espainiako Selekzioan parte hartzen dugun jokalariok talde desberdinetan jokatzen dugu, eta denbora behar da talde bateratu eta trinkoa sortzeko. Mota horretako txapelketak baliagarriak al dira Europako Txapelketari begira? Gu zein mailatan gauden ikusteko balio digute, baita aurkariek jokoa ezagutzeko ere. Europako Txapelketan aurkari gogorrenak Errusia eta Txekiar Errepublika izango direla uste dugu. Errusiarrek esaterako, gurearekin alderatuz, formakuntza oso zorrotza dute; saskibaloirako potentziala badute txikiak direnean saskibaloi eskoletan sartzen dituzte, eta horretan zentratzen dira haurrak direnetik. Dena dela, gure taldea ere indartsu ikusten dut. 2014an brontzezko domina lortu genuen Europako Txapelketan, baina ondoren jokatu genituen lagunarteko partidetan, zilarra eskuratu zuen Txekiar Errepublikari irabaztea lortu genuen. Horregatik, uste dut aurten Europako Txapelketan emaitza onak lortzeko aukera izango dugula. Zu zeu zer moduz ikusi zara asteburuko txapelketan? Ondo, lehendik ezagutzen nituen selekzioan jokatzen duten hainbat jokalari eta ederki egokitu naiz. Taldea osatzen joan dadin ezinbestekoa da jokalariok elkar ezagutzea, eta elkarrekin jokatzea; txapelketan lehen partidatik azkenekora bilakaera nabarmena antzeman dut gure taldean. Zuk jokalari bezala ere garapena antzeman al duzu? Bai, esperientzia oso aberasgarria da selekzioan parte-hartzea, kirolari moduan markatu egiten duena. Etxean, saskibaloiaz gain, beste hainbat betebehar izaten ditugu. Hemen, berriz, saskibaloia da ardatza, eta gogor lan egiteak kirolari bezala hazten laguntzen du. Goizean bi orduko entrenamendua egiten dugu, bazkaldu, atseden hartu, eta arratsaldean beste entrenamendu bat egiten dugu, afaldu eta lotara goaz. Prestaketan guztiz murgilduta gaude, ez dugu beste ezertarako denborarik. Partida dugun egunetan bideo saioa egiten dugu; aurreko partidan egin ditugun akatsak aztertzen ditugu, berriz errepikatu ez daitezen, eta nola hobetu dezakegun hausnartzen dugu. Espaniako Selekzioak exijentzi maila handia du, beraz. Oso desberdina da nire taldearekin edo selekzioarekin jokatzea: intentsitatea, kontzentrazioa, eguneroko martxa desberdinak dira. Egia esan, gure mailan badira talde batzuk jokalariekin oso zorrotzak direnak, dieta oso zehatz kontrolatzen dutenak esaterako. Gu Donostian lasaiagoak gara, zaintzen gara, baina ez neurri horretan. Selekzioan ere kontrola oso handia da, osasun probak egiten dizkigute sarri, eta min txikiren bat sentituz gero fisioterapeutarengana joaten gara. Datorren denboraldian Donostia Basketeko talde nagusiarekin jokatuko duzu. Urrats garrantzitsua izan al da zuretzat? Nik ez dut inoiz helburu zehatzik markatu nire kirol ibilbidean, saskibaloiaz gozatzen saiatu naiz beti. Horregatik Espainiako Selekzioak deitu izan didanean harrituta geratu izan naiz, eta gauza bera gertatu zait Donostia Basketekin ere, ez nuen inoiz pentsatuko honaino iritsiko nintzenik saskibaloian. Aurretik hainbat partida jokatu dituzu Donostia Basketekin. Zer moduz joan zaizu? Oso ondo, partidetan aulkian egon arren asko ikasten da. Salto handia izan da niretzat juniorretik goi mailara pasatzea, baina oso baliagarria izan zait. Hurrengo denboraldian ere ikastea da nire helburua, oraindik gaztea naiz eta asko dut hobetzeko, horregatik aurtengoa trantsizio urtea izango dela uste dut. Esperientzia handia duten jokalariak daude taldean eta normalena da gazteok bigarren mailan egotea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide