Lucia Garcia: "Asko gustatzen zait nire lana, ez nuke beste ezergatik aldatuko"

Aiora Larrañaga Solaberieta 2016ko uztailaren 14a

Gaur Lucia Garcia omenduko du Orioko Udalak, Xixario erretegiko etxekoandre bezala hamarkadetan zehar egin duen lanagatik. Aurten 50 urte beteko ditu Xixario erretegiak.

Lucia Garcia, Xixario erretegiko etxekoandrea. (Aiora Larrañaga/Hitza) Gaur arratsaldean Bisiguaren Laguna oroigarria emango dizute, urteetan egin duzun lana aitortzeko. Zer pentsatu zenuen omendua izango zinela esan zizutenean? Hasieran lotsa handia eman zidan, jakin badakit jende askok ezagutzen nauela, 40 urtetik gora daramazkidalako erretegian lanean. Baina ez nago ohituta ekitaldi publikoetan parte hartzera, eta errespetu handia ematen dit. Gero, Katxiñako Mari Karmen Atxega eta Maria Pilar Etxezarreta ere bertan izango zirela esan zidatenean, lagunarte ederrean izango ginela pentsatu nuen; harreman ona dugu eta gustura egongo gara. Inoiz pentsatu al zenuen lau hamarkadatan zehar egindako lana aitortuko zizutenik? Inondik ere ez. Erretegia da nire egunerokoa, eta asko gustatzen zait egiten dudan lana, ez nuke beste ezergatik aldatuko. Jende mordoa ezagutzen da hemen, eta horrek asko aberasten nau pertsona moduan, gazte mantentzen laguntzen didala uste dut gainera; egun 56 urte ditut eta ondo sentitzen naiz. Gainontzeko lanbideek bezala alderdi txarrak ere baditu, baina ni oso baikorra naiz; gauza onak gogoratzen ditut, eta txarra ahazteko joera dut. 40 urtetik gora daramazkizula aipatu duzu. Bizitza osoa beraz. 40 urte baino gehiago daramazkit. 1974ko azaroan hasi nintzen erretegian zerbitzari lanetan, 14 urterekin; hasieratik gustura hartu nuen, giro oso ona genuelako eta lana gustatzen zitzaidalako. Handik bost urtera erretegiko seme Ramon Urangarekin ezkondu nintzen, eta hemen nago ordutik. Lanbide guztiak bezala, pixkanaka ikasten joan naiz, eta nire amaginarreba zenak erakutsi zizkidan ofizioaren sekretuak. Gaztetatik nire senarra zenak eta nik bizimodua erretegian egiten genuen, eta gure bi semeak aitona-amonek zaintzen zituzten. Hori da pena handiena ematen didana, semeekin denbora gehiago pasatu ez izana. Dena dela, zorte handia izan nuen, gurasoek primeran zaintzen baitzituzten haurrak. Beraien laguntzarik gabe lana utzi behar izango nuen. Emakumeek erretegietan egindako lana ezkutuan geratu dela iruditzen al zaizu? Bai, gurea bezalako jatetxe batean parrilleroaren lana da ikusgarriena. Dena dela, erretegian beste hainbat lan ere badaude eta horiek etxekoandreak egiten ditu, ez dira horrenbeste ikusten, baina erretegiak martxa egokia izan dezan ezinbestekoak dira. Ni goizean sartzen naiz, 11:00ak aldean, eta gauera arte hemen egoten naiz; normalean arratsaldean atseden hartzeko tartea izaten dut, baina badira egunak eguerdiko eta gaueko zerbitzua elkartzen direnak ere. Lan polita, baina lotua ere bada erretegikoa? Bai, oso lotua da. Nire semeen haurtzaroan ezin izan dut beraiekin nahi bezain beste egon. Udan esaterako, oporrak zituztenean, guretzat sasoi gogorrena zen, hiru hilabete buru-belarri lanean jarduten genuen goizetik gauera. Lehen udan goi denboraldia hiru hilabetekoa izaten zen, eta eguerdian eta gauean erretegia bete egiten zen. Orain, berriz, uda motzagoa izaten da eta herritarren ohiturak aldatu egin dira, jendea eguerdian etortzen da bazkaltzera, eta astean zehar gauean jende gutxiago ibiltzen da. 50 urte bete ditu aurten erretegiak. Asko aldatu al da hasieratik? Bai, gu konturatu gabe urteen poderioz aldatuz joan da, garaiak, gizartea eta ohiturak aldatzen joan diren heinean. Egunerokoan ez gara ohartzen, baina atzera begiratzen dugunean konturatzen gara eman duen aldaketaz. Lehen, esaterako, bisigua eta txuleta bakarrik eskaintzen genituen; orain, berriz, arrain gehiago ditugu. Jendeak orain bezala kanpoan jaten zuen, baina hasieran, ez zegoen toldorik, euria hasten zuenean korrika mahaiak Salatxora eramaten genituen bezeroek lasai jan zezaten. Bost hamarkada betetzeko sekreturik ba al dago? Faktore askok eragiten dutela uste dut. Janariaren kalitatea oso garrantzitsua da, Xixario erretegira jendea bisigua jatera etortzen da nagusiki, eta produkturik onena eskaintzen saiatzen gara. Horrez gain, bezeroari eskaintzen zaion arreta ere oso garrantzitsua da; guk bezeroak etxean bezala sentitzea nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da begirunez hartzea, ondo sentitu daitezen. Jendeak errepikatu egin ohi du, eta hori ondo egindako lanaren erakusgarri dela uste dut. Bisigua Orio Estilora jaialdiarekin Oriok bisigua erretzen duen ospea handitu egin al da? Bisigua Orio estilora errea ezaguna da herritarren artean, duela 50 urte ere hori dastatzera etortzen ziren bisitariak gurera. Dena dela, uste dut jaialdiak indartu egin duela; telebistan, egunkarietan eta irratian ematen dute jaialdiaren berri eta horrek eragina dauka

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide