Bisigua Orio Estilora jaialdia dela-eta hainbat aldaketa egingo dituzte

Urola Kostako Hitza 2016ko uztailaren 13a

Bihar inauguratuko dute bisigua protagonista izango duen jaialdia. (Aiora Larrañaga/Hitza) Bihar arratsaldean inauguratuko dute Bisigua Orio Estilora Jaialdi gastronomikoa, eta larunbatean KAE 1 ligako estropada jokatuko da Oria ibaian. Hori dela-eta, Orioko Udalak jakinarazi du, hainbat aldaketa izango direla eguneroko martxan. Alde batetik, herri barruko trafikoan aldaketak egingo dituzte. Hau da, bihartik aurrera astebururo bezala, Herriko Plaza itxi egingo da ibilgailuentzat eta trafikoa Kaia kaletik desbideratuko da. Bihar 14:00etatik igandeko 20:00ak bitartean plaza itxi egingo dute, eta Txankako Bidea erabili behar da herritik irteteko. Azoka arranpla ondoan Bestalde, astelehenetik Bisigu Orio Estilora jaialdirako azpiegitura muntatzen ari dira udal langileak, eta prestaketa lanen ondorioz plaza ezingo da erabili. Horregatik, ostegunetan egiten den azoka tokiz aldatuko dute, eta Herriko Plazan izan beharrean, arranpla ondoko plazan egingo dute bihar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide