Denboraldian zehar behetik gora

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko uztailaren 8a

Orioko Bate Bizkorrak taldea Orioko Mendibeltz zelaian. (OBB) OBB Orioko sofbol taldeak liga amaitu du, eta «oso gustura» daude denboraldian egin duten lanarekin. Laugarren pos- tuan amaitu dute, eta uztailaren 23an eta 24an, Donostian, Erreginaren Kopa jokatzeko txartela lortu dute. «Denboraldiaren hasieran ez genuen pentsatzen liga horrela amaituko genuenik. Oso talde gaztea dugu, eta jokalari askok bi denboraldi bakarrik daramazkite Ohorezko mailan jokatzen». Ligaren lehen erdia zazpigarren postuan sailkatuta egon da OBB, eta azken zatian hobera egin dute nabarmen; sei partidetatik bost irabazi dituzte. Ainara Larrazaren esanetan, ligako lehen lau talderen artean sailkatzea oso garrantzitsua izan da. «Orain Erreginaren Kopa jokatuko dugu. Badakigu ez dugula txapelketa irabazteko aukerarik, baina hirugarren postuan sailkatzea izango dugu helburua». Talde gaztea bada ere, oinarria oso ona duela uste du OBBko jokalariak, «oraindik urte batzuk falta zaizkigu esperientzia hartzeko, hobetzeko aukera badugu eta ligako azken zatian hori erakutsi dugu». Talde lana gakoa OBB taldea urte askoan zehar Ohorezko mailan onenen artean sailkatuta ibili da. Orain «trantsizio garaian» daudela uste du Larrazak. «Zenbait urtetan esperientzia handia genuen jokalariak bildu ginen, eta oso emaitza onak lortu genituen. Dena dela, ikasketengatik eta lanagatik pixkana sakabanatzen joan gara». Hutsuneari aurre egiteko, iaz jaurtitzaile atzerritarrak fitxatu zituen OBBk, baina zuzendaritzan hausnarketa egin zuten, eta harrobiaren aldeko apustua egitea erabaki dute. «Konturatu ginen egokiagoa dela harrobia prestatzea. Kanpotik ekartzen ditugun goi mailako jokalariak denboraldi bakar baterako etortzen dira, eta gero beren jatorrizko taldeetara bueltatzen dira. Horregatik, hasieran zaila izango bada ere, etorkizunari begira harrobiaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa iruditu zaigu». Ildo horretan, Larrazak uste du sofbolaren gakoa talde lana dela. «Oso teknikoa da. Zelai barruan dauden jokalariek elkarren artean oso ondo ulertu behar dute, estrategia asko erabiltzen baitira. Horregatik, talde izaera hartu eta taldeak heldutasuna lortu arte zaila izaten da emaitza onak lortzea». Horrez gain, jokalarien heldutasun mailak ere zeresana duela uste du oriotarrak. «Zelaian egoera desberdinetara egokitzen jakin behar da, eta hori lortzeko urte batzuk behar dira. Sofbolean jokalari batek akats bat egiten badu, partida galdu dezake taldeak. Horregatik, urduritasuna alde batera utzi eta partidan kontzentratuta egotea oso garrantzitsua da». Larrazak azaldu du, aurten presio une asko izan dituztela. «Partida askotan aurkariekin oso berdinduta ibili gara, baina ohartu gara beste taldeek heldutasun maila handiagoa zutela, beste lasaitasun batekin jokatzen zuten. Presio uneetan ez dugu jakin egoerari buelta ematen eta diferentzia handiagatik galdu ditugu zenbait partida». Gazteengana iritsi nahian Ia 15 urte daramatza Ainara Larrazak goi mailan sofbolean jokatzen, eta azken urteetan Espainia mailan sofbol maila jaitsi egin dela antzeman du. «Lehen sofbola kirol olinpikoa zen, eta Espainiako Federazioak diru asko inbertitzen zuten formazioan. Orain, berriz, ez da kirol olinpikoa eta nahiko baztertuta dago». Dena dela, OBB taldea Orion lan handia egiten ari da, kirola herritarren artean zabaldu eta haurrak sofbolean jokatzera animatzeko. Ikasturtean eskoletan ikastaroak ematen dituzte eta udako saio bereziak ere antolatzen dituzte haurrentzat. «Dena dela, Orion kirol eskaintza oso zabala da, eta haurrek kirol aukera asko dituzte. Nire iritziz aniztasuna aberasgarria da, kirolak haurrei eta gazteei balore garrantzitsuak transmititzeko balio baitu, baina taldeoontzat oso zaila da haurrak erakartzea». Gainera, Larrazak uste du sofbolak «erronka bikoitza» duela, «estrategia kirola denez hasieran zaila izaten baita gazteentzat kirola ulertzea. Hala ere, behin tamaina hartutakoan, esperientzia on asko ematen dituen kirola da. Probatzera animatu nahi ditut gazteak».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide