Katxiña eta Xixario erretegietako etxekoandreak omenduko dituzte Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko uzt. 6a, 10:23

Leandro Azkue, Joxe Angel Zaldua, Lourdes Salsamendi, Luis Mari Uranga, Joxe Miel Zendoia eta Eneko Goia atzo Donostian Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoaren aurkezpenean. (Aiora Larrañaga/Hitza) Atzo eguerdian Donostiako Zurriola hondartzan Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa aurkeztu zuten, eta bisigu erre usainak Donostiako pasealekua eta Kursaal ingurua hartu zituen. Izan ere, ohiturari jarraituz Katxiña erretegiko Joxe Miel Zendoiak eta Xixario erretegiko Luis Mari Urangak bisigu errea prestatu zuten agerraldian bertan, bertaratu zirenen gozamenerako. Izan zen mokadutxoa jateko geldialdia egin zuen bisitaririk ere. Orioko alkate Joxe Angel Zalduaz gain, bertan izan ziren Orioko Udaleko Kultura batzordeburu Lurdes Salsamendi, Donostiako alkate Eneko Goia eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendari Leandro Azkue. Orioko alkateak Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa babesten duten erakundeei eta eragileei eskerrak emanez abiatu zuen aurkezpena: «Orio Estilora marka berreskuratu nahi dugu. Herri guztiek berezko ezaugarriak dituztela uste dugu, herri bakoitzak izaera propioa duelako. Herri bakoitza desberdina da eta aniztasun horrek aberasten du gure lurraldea. Gureak esaterako itsasoarekin lotura estua du, eta kultura eta tradizio osoa sortu da horren inguruan». Horregatik, Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoarekin «estilo propioa» erakutsi nahi dute oriotarrek. Ildo horretan, Eneko Goia Donostiako alkateak herrien arteko lankidetzaren garrantzia izan zuen hizpide aurkezpenean. «Gipuzkoa osoak elkarren artean kolaboratzea oso garrantzitsua da. Oriotarrek inork baino hobeto dakizue bisigua parrilan prestatzen, eta uste dut Orion ondo egiten denak Donostia indartzen duela, eta Donostian ondo egiten duguna Oriorentzat ere ona dela», esan zuen Goiak. Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendari Leandro Azkueren iritziz, Bisigua Orio Estilora moduko jaialdiek. «Arrantzaren sektoreari, gure itsasoko gizon eta emakumeei eta kostaldeko guneei balioa ematen diete. Horregatik, gure babesa izango du ekitaldiak aurrerantzean ere», Azkuek nabarmendu zuen. Emakumeen lana argitara Bisiguaren Laguna oroigarria banatuko du Orioko Udalak Bisigua Orio Estilora jaialdiko inaugurazio ekitaldian. Aurten, Xixario erretegiko Lucia Garcia, Katxiña erretegiko Pilar Etxezarreta eta Mari Karmen Atxega eta Richard Oribe igerilari donostiarra izango dira omenduko dituztenak. Orioko Kultura batzordeburu Lourdes Salsamendik erretegietako etxekoandreek itzalpean egin duten lana azpimarratu zuen: «Parrileroak ezagunak dira herritarren artean, baina erretegiak emakume horien lanari esker iritsi dira gaur egun direna izatera. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu merezi duten aitorpena egitea». Horrez gain, Salsamendik Oribe igerilaria goratu zuen agerraldian. «Richard Oriberen kirol ibilbidea ikaragarria da. Dena dela, kirol munduaz haratago helaraztea lortu duena nabarmendu nahi dugu. Inspirazio iturri da guztientzat, eredua, energia positiboa helarazten duen pertsona da». Orion bada zailtasun fisiko eta intelektuala duten haur eta gazteen kirol elkartea: «Berdin-berdinak taldea lan bikaina egiten ari da herrian, eta pentsatu genuen lotura polita izango litzatekeela Richard Oribe omentzea Orion, eta aldi berean Berdin-berdinak taldearen lana erakusaraztea. Benetan txalogarria baita». Aldaketatxoa menuan Aurten bi aldaketa txiki izango ditu Bisigua Orio Estilora jaialdiko menuak: alde batetik, menua zertxobait aldatu dute eta Ibarrako piperrak, jabugo urdaiazpikoa, tomate entsalada, Sartagudako zainzuriak, bisigua, postrea, edaria eta kafea sartuko dira otorduaren prezioaren barruan; gainera, lehen aldiz Katxiña txakolina ere eskainiko dute. Bestetik, aurten, 55 euro balioko du menu osoak. Jaialdiko otorduetan parte hartu nahi dutenek txartelak erreserbatu ditzazkete Orioko Turismo Bulegoan bertan edo 943-83 55 65 telefono zenbakira deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide