Gaur, ekainak 28, Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna dela-eta, adierazpen bana kaleratu dute Orioko eta Azpeitiko udalek. Azpeitiko udaletxeko balkoian, gainera, koloreaniztun bandera jarri dute.
Orioko Udala osatzen duten lau alderdiek ere adierazpen bateratua kaleratu dute gaurko egunez, "lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideak aldarrikatzeko".
Honako hau da
Oriko Udalaren adierazpena:
"Ekainaren 28an mundu osoko kaleak, Euskal Herrikoak ere bai, kolorez eta aldarrikapenez jantziko dira LGTBI kolektiboaren hamarkadatako borroka nabarmentzeko. 2016. urtean 47 urte beteko dira Stonewalleko (New York) matxinadatik. Egun hori berezia da oso askatasun sexualaren mugimenduaren baitan, mugarri izan baitzen erakunde politiko, polizial eta erlijiosoek lesbianen, gayen, bisexualen, trans eta intersexualen aurka ezarritako errepresioaren kontra egiteko.
Orduko mobilizazioek sexu-askatasunaren aldeko antolakuntza bultzatu eta lanerako indarra eman bazuten ere, 47 urte geroago diskriminazio-egoerak ez dira amaitu. Are gehiago, zenbait kasutan, bestelako diskriminazio-egoerekin batu dira eta baztertze-egoera larrietan utzi ditu lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualak. Kapitalismoak eragiten dituen diskriminazioei, beraz, eredu matxista eta patriarkalaren bazterketak gehitu zaizkie, pertsona guztien —eta, bereziki, LGTBI kolektiboaren— ongizatea kinka larrian jarriz.
Besteak beste, honelako kasuak bizi ditugu gaur egun Euskal Herrian: immigrante ez heterosexualak, pobrezian bizi diren emakume lesbianak, beltz eta transexualak direnak, familia nuklearrean oinarritutako bizi ereduekin bat egiten ez duten pertsonak, generorik gabeko identitateak dituztenak, eta abar. Bi arrazoigatik dira diskriminatuak pertsona horiek: arrazoi sozioekonomikoengatik, batetik, eta baita genero arrazoiengatik ere.
Izan ere, Hego Euskal Herrian oraindik ere egunerokoak dira homofobia, lesbofobia eta transfobiaren eraso fisiko zein ahozkoak, Euskaltzaindiaren generoaren araberako izenen katalogazioa, familia eredu bakarraren inposizioa eskubideak bermatzeko, liburu eta eduki multimedia sexista, eta abar.
Nazioarteko egoerari begiratuta, gero eta herrialde gehiago dira sexu-askatasunaren aurkako legediak onartu dituztenak, hori giza-eskubideen kontrakoa bada ere.
Azken homofobia-erasorik bortitzena ekainaren 12an bizi izan genuen Orlandon. Erasotzaile bakarra izan bazen ere, gizarte-eredu oso baten arazoa da kasua, eraso homofoboak esparru guztietan bizi ditugu-eta. Izan ere, Orlandon ia 50 hildako izan ziren, baina nazioartean egunero bizi ditugu eraso homofoboak, gizarteko zenbait esparrutatik edota legedi kriminalizatzaileetatik datozenak.
Horrexegatik, elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBTI kolektiboarekiko aurreiritziak, fobiak eta gorrotoak desagerraraziko dituena, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta gizarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota askatasun zibiletan. Horretarako, ezinbestekoa izango da ahalduntze politikak bultzatzea gizartean.
Politika instituzionalak pertsona lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta intersexualen eskubide politiko, ideologiko eta zibil guztiak babesteko norabidean bideratu behar dira, oinarrizko askatasun-printzipioaren baitan.
Era berean, kolektibo horren aurkako eraso, jazarpen edota errepresioa gaitzetsi eta salatzeko jarrera izan behar dute erakundeek, eta eskura dauzkaten baliabide guztiak erabili behar dituzte horrelakoak ez errepikatzeko, protokolo bat landuz prebentzioa, arazoen detekzioa, asistentzia eta laguntza bermatzeko.
Pertsona askeek osatutako herri askea eraikitzeko bidean, Euskal Herriko herri eta hirietan antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitzen du Orioko Udalak gaurko egunez".
Honako hau, berriz,
Azpeitiko Udaleko alderdiek ekaineko udalbatzarrean aho batez onartutako adierazpena:
"Ekainaren 28an, LGTBQ kolektiboaren Sexu Askatasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. 1969ko ekainaren 27tik 28rako gauean, New Yorkeko Stonewall pubean, transexual, lesbiana eta gay talde bat matxinatu zen, poliziek eginiko abusuak salatzeko eta haien eskubideak aldarrikatzeko.
Ekainaren 28an, baina baita urte osoan zehar ere, sexu portaerak eta joerak libreki aukeratzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi du Azpeitiko Udalak. Eta, bereziki, aitorpen bat egin nahi dio gayen, transexualen, transgeneroen, bisexualen eta queer-en mugimenduari, baita mugimendu feministari ere, horiek jakin baitute sexu eskubideen alde borrokatzen, eta jendarte multzoak sexuari, generoari eta sexu ohiturei buruz dituen estereotipoen kontra egiten.
Nahiz eta aitortu behar den eskubide asko irabazi ditugula eta asko aurreratu dugula, datuek agerian uzten dute bide luzea daukagula oraindik egiteko. Ozen salatu nahi dugu oraindik ere XXI mendeko "demokrazietan" gure gorputzen, sexualitateen, generoen eta bizitzeko moduen kontrako errepresioak bizirik dirauela.
Dena dela, ageri agerikoa da pertsona transexualek eta transgeneroek sufritzen dutela gizarte diskriminazio eta bazterketa indizerik handiena, oraindik ere gabezia larriak jasaten dituztelako, bai administrazioen arretaren aldetik, bai gizarte begirunearen aldetik, indarkeria eta penalizazio handiagoa pairatzen baitute.
Sexua, generoa eta sexualitatea norberaren identitatearen osagaiak direla adierazi nahi dugu, eta beraz erabateko askatasunez aukeratu beharrekoak. Oinarrizko giza eskubideei buruz ari gara beraz!
Horregatik, Azpeitiko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:
1. Geure egitea pertsona lesbiana, gay, transexuala eta transgeneroen eskubide eta askatasun publikoak defendatzearen aldarrikapena, sexu joera eta identitate ezberdinak normalizatzeko helburuarekin. Horren adierazgarri, ekainak 28an udaletxeko balkoian ostadar koloreko ikurra jarri dugu.
2. Informazio eta sentsibilizazio kanpainak indartzea lesbiana, gay, transexual eta transgeneroekiko jarrerak aldatu eta aurreiritziak eta susmoak ezabatzeko. Aurten Zinegoak egitasmoarekin elkarlanean, uztailaren 1ean
52 martes filma eskainiko dugu.
3. Prestakuntza programen edo bestelako tresna batzuen bidez, beharrezko baliabideak ematea Azpeitiko ikastetxeei eta hezitzaileei, bazterketa prebenitzeaz gain, ikasleen nortasuna, afektibitatea, sexualitatea eta harremanak osotasunez garatu ahal izateko. Horretarako hezkidetza, tratu onak eta sexualitatea programa indartuko dugu, aurrekontua handituz.
5. PLAX! Sexu aholkularitza zerbitzua indartzea, azpeitiar guztiok gure sexualitatea eta harremanak askatasunez bizitzeko baiabideak eskaintzeko.
6. Azpeitiarrei dei egitea ekainaren 28rako mugimendu feministak antolatu dituen ekimenetara parte hartzera.