Orioko plaza jatetxe erraldoi bilakatuko da. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Aurten uztailaren 14tik 17ra bitartean egingo dute Bisiguaren Festa Orion, eta aurreko edizioetan bezala uda honetan ere Orioko plaza bisigua protagonista duen jaialdi gastronomikoaren gune bilakatuko da. Orioko Udalak herritarrak festan murgiltzea nahi du, eta horregatik oriotarrek lehentasuna izango dute otorduetako txartelak erosterako garaian. Beraz, interesa duten oriotarrek ekainaren 25tik uztailaren 1era bitartean txartelak erreserbatu ditzazkete Orioko Turismo Bulegora, 943-835565 telefono zenbakira deituta; egunero 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara dago zabalik, igande arratsaldetan izan ezik.
Aurten menuaren prezioa 55 eurokoa izango da, eta hurrengo jakiek osatuko dute: Munduate piperrak (Ibarrako piperrak), Jabugo urdaiazpikoa, tomate entsalada hegaluzearekin, Sartagudako zainzuriak, bisigua parrilan, postrea, edaria eta kafea. Beste edizioetan bezala Katxiña erretegiko Joxe Miel Zendoia, Xixario erretegiko Luis Mari Uranga eta Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola arduratuko dira bisiguak parrilan erretzeaz.