Kirolgi OBB taldea. (OBB)
Espainiako Ohorezko Sofbol Ligari amaiera eman diote. Pasa den igandean jokatu zuen Kirolgi OBB taldeak azken partida Madrilgo Dridma taldearen aurka Madrilen (Espainia), eta sailkapen nagusian laugarren postuan sailkatu dira oriotarrak.
Ligan zehar sailkapen nagusiko erdiko taldean kokatzea lortu zuten oriotarrek, baina hori ez zen nahikoa Erreginaren Kopa jokatzeko txartela lortzeko. Horregatik, pasa den asteburuko bi partidetatik gutxienez bat irabazi behar zuten euskaldunek Erreginaren Koparako sailkatzeko, eta lortu zuten helburua.
Lehenengo partidan, jokalari oriotarrek erasorako duten gaitasuna erakutsi zuten eta lehenengo bi sarreretan 4 lasterketa egin zituzten; gainera, amaiera arte markagailuan aurretik izatea lortu zuten. Taldetik Igone Etxeberriak jaurtitzaile lanetan egindako "ahalegin paregabea" nabarmendu dute; baita, OBBk defentsa egindako "lan bikaina" ere. Azkeneko sarreretan Dridma taldekoak karrera bat lortu zuten, baina partida 4-1 emaitzarekin irabazi zuen OBBK, Erreginaren Kopan postua lortuz.
Bigarren partidan, bi taldeek ligan zehar gutxien jokatu duten jokalariak eta jokalari gazteenak atera zituzten zelaira, Espainiako Txapelketarako prestakuntza modura. Madrilgo taldea hasieratik aurretik jarri zen markagailuan, eta partida 3-10 emaitzarekin irabazi zuen Dridma taldeak.
Kirolgi OBB taldeak hurrengo partidak uztailaren 23 eta 24an jokatuko ditu Erreginaren Kopan, baina egoitza oraindik erabaki gabe dagoela zehaztu dute taldetik.