Iaz Orioko Triatloi Herrikoian parte-hartzaileak uretatik ateratzen. (Onintza Lete Arrieta)
Ekainaren 24an, ostiralarekin, Orioko VIII. Triatloi Herrikoia jokatuko da San Pedro Jaien barruan, Orioko Herri Ikastolak antolatuta. Hiru kategoriatan banatuta parte hartuko dute kirolariek. Gaztetxoek 100 metro igerian, 2 kilometro bizikletan eta 800 metro korrika osatu beharko dituzte. Gazteek, 200 metro igerian, 3 kilometro bizikletan eta mila metro korrika. Eta helduek, 300 metro igerian, 6 kilometro bizikletan eta 1.800 metro korrika.
Gaztetxoak 19:30ean hasiko dira; gazteak, 19:50ean; eta helduak, 20:20an. Triatloi Herrikoian parte hartu nahi dutenek Orioko Herri Ikastolan eta Karela kiroldegian eman behar dute izena asteazkena bitartean.