Ederki pasatzen dute haurrek Anibarko Portuko apar festan. (Onintza Lete Arrieta)
Uda gero eta gertuago dago, eta abiatu dute auzo eta herrietako festa denboraldia. Asteburuan jaiak izango dira Aiako Iturriotz eta Orioko Anibarko Portua auzoetan. Ostiralean abiatuko dute bietan egitaraua; Anibarko Portuan txupinazoa botako dute festak hasteko, eta Iturriotzen urtero bezala XIII. Mus Txapelketa egingo dute. 21:30ean bilduko dira parte-hartzaileak eta lehia 22:00etan hasiko dute.
Larunbat goizean, berriz, baserri bisita egingo dute Altzuzelaitik abiatuta auzoko baserrietara. Dena dela, Iturriozko San Joan festak ez dituzte hor bukatuko, hilaren 24etik 26ra bitarterako ere jaietako ekitaldi sorta antolatu baitu Iturriozko festa batzordeak.
Anibarko Portuan ere musa
Orioko Anibarko Portuan urtero bezala haur, gazte eta helduei zuzendutako ekitaldiak antolatu dituzte larunbaterako. Tartean, zortzigarren mus txapelketa jokatuko da. Izena ematea egunean bertan izango da, txapelketa hasi baino lehen, eta bikoteko 25 euro ordaindu beharko dute parte-hartzaileek. Txapelketa 15:30ean hasiko da eta sari potoloak egongo direla adierazi dute antolatzaileek: irabazleek bi txapel, bi taila eta 500 euro lortuko dituzte. Txapeldunordeek bi taila eta 250 euro. Hirugarren sailkatuak 100 euro eta laugarren bikote sailkatuak 50 euro. Herritarrak lehian parte hartzera animatu dituzte.
ANIBARKO PORTUKO JAIAK
Gaur, ekainak 17
19:00. Txupinazoa, buruhandiak eta kalejira trikitilariekin.
20:00. Trikipoteoa, Gari eta Iñakirekin.
Bihar, ekainak 18
10:00. Diana trikitiarekin.
11:00. Puzgarriak, apar festa eta haur jolasak.
11:30. Erretiratuen hamaiketakoa egingo dute, Kaioa tabernan.
12:00. Sardina jana eta sagardoa txotxetik.
12:30. Tortilla patata lehiaketa eta dastaketa.
15:30. Mus Txapelketa.
17:00. Haur jolasak, puzgarriak eta txokolate-jana.
19:00. Dantza saioa, Errebal dantzarako musika taldearekin.
21:30. Auzokoen afaria bertso kantuz alaitua.
23:00. Xabi Arostegi DJa.