Bihar arratsaldean Orioko Bertsolarien Sari Nagusia jokatuko dute

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko ekainaren 10a

Bihar bertso giroan murgilduko dira oriotarrak, herriko Errikotxia Bertso Eskolak bertso jaialdia antolatu baitu arratsalde parterako. «Asteazkenero biltzen gara taldetxo bat bertsotan aritzeko; bertsolaritzan zaletuak gara, eta tamalez ez dugu izaten aukera gehiegi jendaurrean jarduteko», diote. Horregatik, pensatu zuten polita izango zela herriko bertsolariak bilduko dituen txapelketa antolatzea. Deialdia egin eta hamabi lagunek eman dute izena Orioko I. Txapelketa Bertsolarien Sari Nagusian. Eguerdi partean abiatuko dute jaia herria girotzeko triki-txikiteoarekin, baina bertso saioa 18:30ean hasiko dute Kolon Txikin. Lehia sei saiotan banatuta egongo da, eta horietako bakoitza herriko taberna batean egingo dute. Saiotxo bakoitzean bi bertsolari buruz buru ariko dira. Horietatik, lau bertsolari sailkatuko dira gauean Etxeluzea gaztetxean finala jokatzeko. Errikotxiako kideek txapelketarekin bertsoaz gozatzea dute helburu, eta herritarrak ere horretara gonbidatu nahi dituzte. EGITARAUA Bihar, ekainak 11 13:00. Txikiteoa trikitilariek lagunduta. Kolon Txiki tabernan hasiko da. 14:00. Bazkaria, Aldapa elkartean. 18:30. Bertso saioen hasiera, Kolon Txiki tabernan. 22:30. Bertso txapelketako final handia jokatuko da Etxeluzea gaztetxean. Segidan. Zuzeneko kontzertuak Etxeluzea Gaztetxean. Hurrengo musika taldeek parte hartuko dute: - Trapalla - Woodstockeko ikasleak - Mola - Txanka ziztatzailea

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide