Amaia Gozategi, Karmele Garmendia, Antonio Abad eta Mertxe Talavera Mandalarako kideak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Urteurren borobilean murgilduta dago Orioko Mandalara taldea, aurten hamar urte bete ditu. Karmele Garmendia lehen mandala eskolak ematen hasi zenean ez zuen pentsatu ere egin Mandalara elkartea sortuko zutenik, eta egun duen onarpena izatera iritsiko zenik. «Ni mandalak egiten ikastera joaten nintzen, eta irakasleak behin eta berriz errepikatzen zidan Orion mandala eskolak ematen hasteko». Egun batean animatu eta udaletxera joan zen Garmendia; orduko kultura zinegotzi Noemi Ostolazarekin hitzordua hartu zuen, eta bere ideia azaldu zion. «Hasieratik, oso harrera ona izan zuten udalean eta bertan egin zizkidaten eskolak ezagutzera emateko kartelak ere».
Mertxe Talavera eta Antonio Abad izan ziren bere lehen ikasleetako bi. «Gu lehendik meditazio saioetara joaten ginen, eta mandalak zer ziren ere ezagutzen genituen, aspaldi, Donostian mandala klaseak ematen hasi zirenean, gu ere denboraldi batean joan izan ginelako». Dena dela, Orion ez zegoen mota horretako eskaintzarik, eta Garmendia mandala eskolak ematen hasi zenean, ez zuten bi aldiz pentsatu.
Mandala eskoletatik hasi eta pixkanaka eskaintza osatzen joan ziren. Berria ahoz aho herritarren artean zabalduz joan zen, eta jende asko animatu zen ikastaroetan parte hartzera. Urteen poderioz proiektua Orion eta Euskal Herrian errotuz eta indarra hartuz joan da. Eta, bide horretan, egun Antxiola kalean duten lokala hartzea aurrerapauso garrantzitsua izan zela uste dute. «Ordura arte herriko beste hainbat eragilerekin konpartitzen genuen lokala, baina guk saio ugari eskaintzen genituen eta konturatu ginen gainontzekoen martxa oztopatzen ari ginela». Orduan, lokal propioa alokatzea erabaki zuten. «Une horretan sortu ginen elkarte bezala. Eskerrak eman behar dizkiogu lokalaren jabeari, lokala zenbat ordaintzerik izango genuen jakin gabe, gure aldeko apustua egin baitzuen».
Ezezaguna ezagutuz bidea
Mandalara Elkartean hamar urtetan zehar ezezagunak diren hainbat tresna eta teknika landu dituzte. Astean zehar eskaintzen dituzten ohiko eskolez gain, aditu asko ekartzen dituzte Oriora teknika berriak lantzeko. Jakin badakite zenbait teknikak hasiera batean kezka sortu dezaketela zer diren ezagutzen ez delako, edo horien inguruko «ideia estereotipatuak» daudelako. Hala ere, hamar urtetan zehar Orioko eta inguruko herritar ugari erakarri ditu taldeak. «Herritarrek konfiantza dute gugan, irabazi asmorik gabeko taldea gara, herrikoa, eta jendeak badaki ez dugula kalte egingo dien ezer antolatuko».
Antonio Abaden iritziz, «oro har bizitzan ezezaguna den guztiak beldurra eman ohi du». Dena dela, uste du garrantzitsuena jendeak aukeratzeko beta izatea dela. «Ni tailer edo ikastaroren batera joaten banaiz, eta bertan esaten ari denarekin gustura sentitzen ez banaiz, alde egingo dut. Bakoitzak erabaki behar du zerk asebetetzen duen».
Pertsonek beren burua lantzea dute xede Mandalarak antolatzen dituen ikastaro eta tailer guztiek, «norberak bere burua ezagutu eta hortik abiatuta ongizatea lortzeko bidea lantzea» lortu nahi dute. Horretarako tresna eta teknika desberdinak lantzen dituzte: mandalak, meditazioa, chikung, tarota, yoga, astrologia, intuizio eta energia, eneagramak eta beste hainbeste.
Elkarteko kideek uste dute, askotan hainbat teknikaren alderdirik deigarriena soilik ezagutzen dela, eta horiek pertsonen ongizatean izan dezaketen eragina oharkabean pasatzen dela. «Tarota da horren adibide. Tarota etorkizuna ikusten duten igarleekin erlazionatu izan da beti, baina hainbat onura ere eskaintzen ditu. Guk, esaterako, sendatzera bideratutako tarota landu dugu, Carl Jung psikologoak sortutako arketipoen teorian oinarritua. Gure saioetan, aurreritzi horiek hausten ere ahaldegintzen gara», azaldu du Amaia Gozategik.
Hamar urtetan antolatu dituzten ekitaldien artean oso ezaguna izan zen Mikel Lizarralde igarle eta mediumarekin antolatu zuten saioa. «Arrakastatsua izan zen», baina baita kritikatua ere. «Batzuei gustatuko zaie eta besteei ez, baina horrelako erantzun ona izan bazuen, jendeak bere familiakoen mezua izateko beharra zuelako izan zen», nabarmendu du Mertxe Talaverak.
Arlo horretan kontu handia izaten du taldeak. Amaia Gozategi arduratzen da aditu eta terapeuta desberdinekin harremana egin eta saioak antolatzeaz. «Normalean guk lehendik hartu-emana izan dugun adituak ekartzen ditugu hona, eta gaiak aukeratzerako garaian ere kontu handia izaten dugu. Gertatu izan da, ezagutzen ez genuen norbait ekartzea, baina beti erreferentzi oso onak izanda».
Hamar urtetan zehar, taldea erreferentea bihurtu da bere arloan eta astero dozena bat proposamen jasotzen dituzte Oriora ikastaroren bat ematera etorri nahi duten adituengandik. «Duela hamar urte hasi ginenean ia ez zegoen terapeutarik, gai edo teknika jakin baten inguruko ikastaroa emango zuen norbait bilatzeko kanpora atera behar izaten genuen. Gaur egun, ordea, egoera asko aldatu da, arreta handia jartzen dugu aukeraketa egiterakoan».
Barne prozesua
Mandalara Elkarteko kideen ustez hamargarren urteurrena sinbolikoa da, baina garrantzitsuena hamar urtean kide bakoitzak eta hainbat herritarrek bere baitan jasan duten aldaketa prozesua da. «Ez dugu zerikusirik duela hamar urte ginenarekin. Estresaren eta eguneroko egin-beharren ondorioz askotan pertsonok gure buruaz ahaztu egiten gara, eta taldean jorratzen ditugun teknikek gure burua lantzen eta hobetzen lagundu digute». Ildo horretan, uste dute, Mandalararen proiektuak aurrera egiteko ezinbestekoa izan dela Orioko Udalaren, saioen berri ematen dute komunikabideen eta oro har bidelagun izan dituzten herritar guztien laguntza, «eskerrak denei», azaldu dute elkarteko kideek.