Joxemari Olasagasti. (Aiora Larrañaga/Hitza)
JOXEMARI OLASAGASTI - Sare sozialen erabiltzailea
Oso aktiboa zara sare sozialetan. Zertarako erabiltzen dituzu?
Orain lehen baino gehiago jarduten dut, erretiratu nintzenetik denbora gehiago baitut. Dena dela, nik beti arraun munduko eta Orio Arraunketa Elkarteko gaiak jorratzen ditut, gehienbat argazkilaritzarekin lotuta. Horretaz gain, beste arraun elkarteen eta txapelketen inguruko informazioa jasotzeko ere erabiltzen ditut.
Nola sortu zitzaizun zaletasuna?
80-90 hamarkadetan arraun txapelketak izaten zirenean nik argazkiak ateratzen nituen. Ez ziren orain bezain beste ateratzen; estropadako batzuk, arraunlariak bandera edo dominarekin eta gutxi gehiago. Elkarteak diru partidatxoa jasotzen zuen horiek errebelatu eta argazkiak paperen arraunlarien artean banatzeko.
Digitalizazioa iritsi zenean, argazkilariok ateratzen genituen argazki kopurua asko handitu zen, eta horiek jasotzeko eta sarean zintzilikatzeko internetak ematen zituen aukera desberdinak erabiltzen hasi nintzen 2007an. Nik Picasa erabiltzen dut; ondoren etorri dira Facebooka, Twiterra eta gero sortzen ari diren beste hainbat tresna.
Beti izan al duzu teknologia berriekiko zaletasuna?
Irakaslea izan naiz urte askotan, eta teknologia berrien gaian eguneratuta egotea ezinbestekoa izan da nire lanean, gustukoa dut. Dena dela, nahiko argi dut zein den nire eremua, ez dut gehiegi sakondu nahi izan, eta informazio praktikoa ematen saiatzen naiz beti. Estropaden eta txapelketen berri, egutegiak, datuak, emaitzak eta argazkiak.
Askotan sare sozialen bidez datu nahiko konplexuak eta zehatzak, portzentaiak, batez bestekoak eman ohi dituzu. Nola modaltzen zara horiek kudeatzeko?
Irakasle bezala ikasleei informazioa modu antolatuan emateko ohitura izan dut. Metodologia bera erabiltzen dut arraun gaietarako ere, excel orri batzuk ditut prestatuta, eta horietan oinarritzen naiz.
Bestetik, nik informazio guztia euskaraz sortzen eta zabaltzen dut. Jendeak komentatu izan dit, estatu mailako eta nazioarteko arraun elkarte asko sartzen direla informazio bila eta euskaraz ez dutela ulertzen. Ni beti informazioa modu eskematikoan, ahalik eta motzenean jartzen saiatzen naiz, eta uste dut arraun munduan dabilen galiziar batek jakin dezakeela emaitzak edo sailkapenak zer esan nahi duen.
Denbora asko eskaintzen al diezu sare sozialei?
Egunean pare bat ordu aritzen naiz horretan. Informazio modu txukun eta zehatz batean azaltzeak denbora eskatzen du.
Arraun elkartearentzat garrantzitsua al da informazioa zabaltzeko bide berri hauek egotea?
Ezinbestekoa da, baina uste dut gaur egun Whatsappa ari dela gailentzen, telefono mugikorraren bidez emaitzak, egutegia, ordutegia momentuan jakiteko bidea ireki baitu tresna horrek. Lehen ordenagailua behar zen, orain telefono mugikorrak azkartasuna eskaintzen du. Gainera, gaur egungo gazteak aro digitalean hazi dira, eta ez dute guk genuen bezala emaitzak, ordutegiak edo informazioa paperean begiratzen ibiltzeko ohiturarik. Bat-batekotasunari garrantzi handia ematen diote, ez dakite itxaroten.
HITZ GUTXITAN
Modako sare soziala? Nire iritziz whatsappa, egunerokotasunerako oso baliagarria baita.
Sare sozialetan jarraitzen duzun pertsona bat? Ez nuke bat esango, nik nahikoa dut Orioko elkartearen inguruko informazioa zabaltzearekin. Dena dela, nazioarteko txapelketak direnean FISA Nazioarteko Arraun Federazioa jarraitzen dut.
Zer ez da egin behar sare sozialetan? Ni neu harrituta geratzen naiz gazteek sare sozialetan zabaltzen dituzten argazkiekin, arlo pertsonalekoak izaten baitira asko. Kontuz ibiltzeko gomendatuko nieke.
Arrakasta lortzeko zer egin behar da? Konstantea izan eta informazioa ahal den azkarrena jarri. Argazkiak oso onak badira ere, zazpi egunen ondoren jartzen badira ez dute interesik sortzen.