Shua Larrañaga eta Iñaki Verhegge oriotarrak Asia zeharkatzen ari dira. Maiatzean Nepalgo herrixka bateko eskola berreraikitzen aritu dira gobernuz kanpoko erakunde batekin.
Asian barrena abentura abiatu zuten Shua Larrañagak eta Iñaki Verheggek urte hasieran.Verheggek urtarrilaren erdialdean motxila bizkarrean hartu, eta Europa zeharkatzeari ekin zion ezezagunekin autoa konpartituz. Helburua, martxoaren hasieran Larrañagarekin Bombay-n (India) elkartzea zuen, eta elkarrekin Asia ezagutzea.Bi hilabete pasatu zituzten Indian barrena bidaiatzen, eta ohartu ziren gainontzeko turistek egiten zuten ibilbidea egiten ari zirela. «Ez ginen bertako jendea eta bizimodua ezagutzen ari, eta horrek bidaia birplanteatzea egin zigun. Indiako Rishikesh hirian bikote batek Kataluniako Living Nepal Gobernuz Kanpoko Erakundeaz hitz egin zigun. Entzundakoa gustatu zitzaigun, eta erakundearekin harremanetan jarri ginen». Nepalera iritsi eta hiru egunetara mendiko bidea hartu zuen bikote oriotarrak Betrawati herriruntz. «Kotxez Nepaleko hiriburutik lau ordura dago Betrawati, gurdi bidea da. Betrawati zonaldeko herri nagusia da, eta gu inguruan dagoen herrixka bateko eskola eraikitzen jardun gara».
Living Nepal erakundeak Nepalen duen proiektua bi zatitan banatuta dago: eraikuntza eta arlo soziala; eta boluntario bakoitzak bere egitekoak ditu bertan. Verhegge esaterako eraikuntza lanetan aritu da hiru astetan zehar; Larrañagak, berriz, goizetan lurrikararen ondorioz harriz josita zegoen jolas tokia txukuntzen zuen, harriak atera eta eremua egokituz haurrek bertan jarduera desberdinak egin zitzaten. Eta, arratsaldetan, eskolako haurrekin eta irakasleekin lanean aritzen zen.
Bi oriotarrentzat oso esperientzia «aberasgarria» izan da Nepaleko herrixkan bizi dutena. «Lan asko eta gogor egin dugu, egunsentitik gauera arte. Baina era berean bertakoen bizitzeko modua lehen pertsonan ezagutu dugu, eta ohartu gara gutxirekin oso zoriontsu direla».
Laguntzaren garrantzia
2015eko apirilean lurrikara gertatu zenean herrialdea suntsituta geratu zen, eta oriotarren iritziz pixkanaka herrialdea berreraikitzen joan daitezen laguntza behar dute orain. «Hasiera batean, mundu osoko erakundeek eman zioten laguntza Nepalgo Gobernuari, baina denborarekin pixkanaka ahaztu egin da bertan gertatu zena. Tamalez, herrixka asko oraindik suntsituta daude, eta garrantzitsua da horiei bultzadatxoa ematea». Bide horretan, mendebaldetik erakundeek eta herritarrek ematen duten laguntza garrantzitsua dela uste dute gi gazteek, eta laguntzeko deialdia egin dute. «Etxeak eta eskolak eraikitzeko laguntza behar dute, baina ez gu bezala bizitzeko, beren bizimodua egiten jarraitzeko baizik. Izan ere, guk ditugun gauza materialek ez baitiete ziurtatuko zoriontsuago izatea».
Datozen hilabeteetan Living Nepal GKE-ko kideak Bartzelonara itzuliko dira, proiektuarekin jarraitzeko finantzabidea lortzeko kanpaina abiatzera. Helburua 2017 urtearen hasieran berriro ere Nepalera itzultzea dute, proiektuarekin jarraitzeko. «Beraz, norbaitek GKEarekin kolaboratu nahi badu ateak zabalik izango ditu, eta ekarpen ekonomikoak ere egin daitezke. Informazio gehiago livingnepal.org webgunean eskuratu daiteke».
Hurrengo etapa Tailandia
Egun gutxi barru utziko dute Nepal Larrañagak eta Verheggek bidaiarekin jarraitzeko, eta Tailandia dute hurrengo helmuga. «Garraio publikoan bidaiatuta ibilbide turistikoenak egiten direla ohartu gara. Horregatik, Tailandiara iristen garean motor bat erostea da guk dugun asmoa». Tailandia, Laos eta Camboya zeharkatuko dituzte horrela. «Motorrak nahi dugun lekuetara joateko eta bertako kulturan murgiltzeko askatasuna emango digula uste dugu».
Bidaia abiatu zutenean tokian tokiko herritarrak eta euren bizimodua ezagutzea zuten helburu bi oriotar gazteek. «Hori bertakoekin hartu-eman zuzena izanda soilik lortu daiteke. Oso pozik gaude bizitzen ari garen esperientziarekin, gure egunerokoa eta gizartea zalantzan jartzeko balio izan digu, gure bizimoduaz eta beharrez hausnartzen ari gara».