Aldaketak egin dituzte Orion TAO txartela eskuratzeko ordenantzan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko ekainaren 2a

Atzo hasi zen uda denboraldia eta iraila erdialdera arte hondartzan eta Mendibeltz futbol zelaian aparkatzeagatik ordaindu egin beharko dute TAO biñetarik ez duten herritarrek.

Atzotik Orioko hondartzan doan aparkatzeko TAO biñeta jarrita izan beharko dute ibilgailuek. (Aiora Larrañaga/Hitza) Astearte arratsaldean ohiko udalbatzarra egin zuten Orion. Adostasunez betetako saioa izan zen, eta puntu gehienak aho batez onartu zituzten udalbatza osatzen duten kideek. Tartean, bi kreditu aldaketa, aparkatzeko TAO biñeta edo txartela eskuratzeko ordenantzan aldaketa, ondasun higiezinen zergetako karga-tasetan igoera eta hilerriko arautegian aldaketa. 2017ko herriko jaia ekainaren 29a (osteguna), San Pedro Eguna izango dela ere erabaki zuten. Atzo uda denboraldia hasi zen eta Mendibeltz futbol zelai ondoko aparkalekuan eta hondartzan doan aparkatzeko TAO biñeta behar da, edo bestela makinetan ordukako tarifa ordaindu. Azken egunetan, Orion erroldatuta daudenek etxean jaso dute txartela eta aurreratzean autoan erantsi jarri beharko dute. Dena dela, Orion erroldatuta ez egonda ere, hainbat kasutan eskuratu daiteke, eta astearteko udalbatzarrean TAO txartela eskuratzeko eskubideari lotutako aldaketak onartu zituzten. Aurrerantzean, Orion etxea dutenek, baina bertan erroldatuta ez daudenek ere biñeta eskuratzeko aukera izango dute. Horrez gain, Orion lan egiten dutenek, Orion jaio baina kanpoan bizi direnek, Orioko udal kanpinean partzela finkoak dituzten bezeroek eta Orion erroldatuta egon baina enpresako ibilgailua erabiltzen dutenek ere eskuratu dezakete TAO biñeta, 45 euro ordainduta. EH Bilduren proposamena Hiriko izaerako ondasun higiezinen gaineko zergari ezarri ahal zaizkion karga-tasetan aldaketak onartu ziren udalbatzarrean. Gipuzkoako Foru Aldundiak berritu egin du ondasun higiezinen katastro balioa, eta ildo horretan udalek egokitzapenak egin behar dituzte. Hasieran, industria edo hirugarren eremuetan kokatuta dauden hiri ondasunetan %47ko jaitsiera izatea, eta hiritarrak eta erresidentzialak diren ondasun higiezinetan, berriz, %20ko gehikuntza izatea proposatu zuten. EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarren esanetan, «azkenak herritarrengan eragina izango du, eta egun herrialdeak bizi duen krisi egoera kontuan hartuta» proposatu zuen Orioko Udalak zehaztuta duen exebizitzen tipoa %15 jaistea, hau da 0,1688n uztea. Joxe Angel Zaldua alkateak begi onez ikusi zuen EH Bilduren ekarpena, eta aurrena koalizioaren proposamena bozkatzea onartu zuen. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEre aldeko botoekin eta Orainen abstentzioarekin aurrera atera zen EH Bilduk proposatutakoa. Gaiarekin lotuta, eskari eta galderen atalean, Joxe Angel Zaldua alkateak EH Bilduri adierazi zion ez dutela eragozpenik besteen proposamenak onartzeko, «baina eskertuko genuke udalbatzarraren aurretik gainontzeko taldeei proposamena jakinaraztea». Iribar ados agertu zen, eta askotan aurriritziek eraginda jokatzen dutela onartu zuen. Udalbatzarraren bukaeran, EH Bildu taldeak Udal Gobernuari eskatu zion Balearen Egunaren biharamunean kaleko garbiketa zerbitzurik zergatik egon ez zen batzordean azaltzeko. Alkateak «behar diren azalpenak» emango direla adierazi zuen, eta aitortu zuen «herritarren haserrea ulergarria» dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide