Etxeberriak eta Martinezek jasoko dute ostiralean Mirotza Saria

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko maiatzaren 25a

Ostiralean Garagardo Azoka irekiko du Orio Arraunketa Elkarteak, eta hiru egunetan zehar garagardo bereziak dastatzeko aukera izango dute bertan biltzen direnek.Astebururako Orio Arraunketa Elkarteak IV. Garagardo Azoka antolatuko du. «Aurtengoa lauga...

Ostiralean Garagardo Azoka irekiko du Orio Arraunketa Elkarteak, eta hiru egunetan zehar garagardo bereziak dastatzeko aukera izango dute bertan biltzen direnek.

Astebururako Orio Arraunketa Elkarteak IV. Garagardo Azoka antolatuko du. «Aurtengoa laugarren edizioa da, eta ilusioz hartu dugu garagardo azokaren prestaketa, elkartearentzat diru-sarrera izateaz gain, herrian giro polita jartzen baitu», adierazi zuen azokaren aurkezpenean Ibon Huegun elkarteko lehendakariak.

Hiru egunetan zehar herriko plazan garagardo bereziak dastatzeko aukera eskainiko du arraun elkarteak. «Gurea azoka txikia bada ere, kalitateari garrantzia ematen diogu, kalean normalean aurkitu ezin daitezken garagardoak izango ditugu», azaldu dute antolatzaileek. Horretaz gain, edanari laguntzeko, jatekoa ere eskainiko du Orio Arraunketa Elkarteak: saltxitxak eta ukondoa.

Urtero, garagardo azokaren inaugurazio ekitaldian, Mirotza Sariak banatzen ditu arraun elkarteak kirolarien lana omentzeko asmoarekin. Aurten, Idoia Etxeberria harri-jasotzaile oriotarra eta Iñigiko Martinez Realeko jokalaria izango dira sarituko dituztenak. «Etxeberria harri-jasotzeko marka guztiak hausten ari da azken hilabeteetan, eta egiten duen lana azpimarratu nahi dugu», esan dute arraunketa elkartekoek. Bestetik, Iñigo Martinezek, «harrobia irudikatzen» duela uste du elkarteak, eta futbol jokalariak euren filosofiarekin bat egiten duela adierazi zuten sarituen izenak jakinarazi zituztenean.

Eskerrak laguntzaileei

Garagardo Azokaren aurkezpenean Orio Arraunketa Elkarteko lehendakariak eskerrak eman zizkien ekitaldia antolatzea posible egiten duten guztiei. «Alde batetik, eskerrak Orioko Udalari, beharrezkoa den azpiegituraz arduratzen delako. Bestetik, hiru egunetan zehar boluntario lanetan aritzen diren herritarrei, eta, azkenik, azokarako materiala uzten diguten jatetxe eta sagardotegiei: platerak, mahaiak, mahai-tresnak… musutruk uzten baitizkigute». Huegunek adierazi du horien denen laguntzarik gabe ezingo luketela azoka antolatu: «Arraun elkartearentzat lan handia da garagardo azoka antolatzea, eta bost mila euro inguru garbi irabazten ditugu horrekin». Elkarteko urteko aurrrekontuaren %1a gutxi gora-behera. Aurrekontuarekin alderatuz ekarpenak txikia dirudien arren «laguntza oro ongi-etorria» dela diote elkartekoek, «pixkanaka egiten baita bidea».

Aurkezpenean azaldu zutenez, harrobiko taldeak Sevillara (Espainia), Banyolasera (Herrialde Katalanak) edo Burdeosa (Frantzia) asteburu batean estropada jokatzera eramateko adina irabazten dute garagardo azokan, eta hori laguntza garrantzitsua da. Ildo horretan, Orio Arraunketa Elkarteko ordezkariek gogorarazi dute harrobiari «goi mailako formazioa» ematen saiatzen direla eta ohiko zirkuituetatik kanpo estropadak jokatzea horren parte dela. «Arraunlariek ez dute gehigarririk ordaintzen kanpoan estropadak jokatzeagatik, eta ahal den bitartean horrela izatea nahi dugu». Horregatik, elkartearentzat garrantzitsua da finantziabide desberdinak jorratzea, eta Garagardo Azoka da horietako bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide