Azpeitiko eta Zumaiako haurrak Orioko Antilla hondartzako parkean jolasean, herenegun. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Uda denboraldian ohikoa da Orioko Antilla hondartza jendez gainezka ikustea, itsasoan bainua hartzera edo hondartzako giroaz gozatzera joaten dira bisitariak bertara. Dena dela, udaberri partean ere bisitari bereziak izaten ditu inguruak. Izan ere, hondartzako belardian dagoen parkeak arrakasta du haurren artean, eta udaberrian ikastetxeek irteerak antolatzen dituzte bertara, ikasturte bukaerako irteera egitera. 10:30ak ingururako bertan izaten dira, gogoz gainezka ondo pasatzeko prest.
Asteazkenean esaterako, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Haur Hezkuntzako 130 haur eta Zumaiako Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 90 ume inguru bildu ziren bertan. Azpeitiko Ikastolako HHko irakasleek adierazi dute, urtero ikasturte amaierako irteera Oriora egiten dutela. «10 urte inguru daramazkigu Orioko hondartzako parkera etortzen, eta urtero haurrek primeran pasatzen dute, hemen ez direla aspertzen diote». Hasieran ekainerako antolatzen zuten irteera, baina gertatu izan zaie Oriora iritsi eta parkea beste hainbat ikastetxetako ikaslez beteta aurkitzea, horregatik irteeraren data aldatzea erabaki zuten. «Orain maiatzean gatoz, lasaiago egoten baita».
Haurrak zalaian hamaiketakoa egiten. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Azpeitiko Ikastolako irakasleen iritziz primerako gunea da Oriokoa, «haurrek jolasteko toki aproposa dute. Oso eremu zabala da, eta umeak lasai ibili daitezke batetik bestera korrika, belardian eta hondarretan jolasean edo parkeko jolasetan. Oraintxe bertan berrehun umetik gora daude parkean, eta ez dute estuasun sentipenik, lasai daude».
Beste hainbat irteera ere egiten dituzte haurrek urtean zehar, baina arretaz ibili behar izaten dutela aitortu dute irakasleek: «130 haurrekin kaletik ibiltzea ez baita erraza. Hemen, berriz, libre sentitzen dira».
Zumaiako Herri Eskolakoek bi urte daramazkite ikasturte amaieran Oriora irteera antolatzen. «Goiz partean hondartzako parkean egongo gara, eta arratsaldean ibai ondoko parkera joango gara, bertan dagoen tirolinak arrakasta izugarria baitu ikasleen artean».
Haur parke aukera zabala
Aitziber Campos Orioko Udaleko Obra eta Zerbitzuetako batzordeburua da herriko haur parkeen kudeaketaz arduratzen dena. «Badakigu ikastetxe asko datozela Oriora txangoan. Hondartzako parkea leku aproposa da, arriskurik ez dago eta haurrak lasai ibili daitezke beren kasara».
Ildo horretan, Orio haur parkeei dagokionean oso ondo atonduta dagoela dio. «Parke asko ditugu, mota desberdinetakoak, eta adin tarte desberdinei egokituak». Camposen esanetan udalarentzat «pozgarria» da herriko parkeek haurren artean arrakasta izatea, «ona da herriarentzat, bisitariak erakartzeko beste era bat baita. Etxera bueltatutakoan haurrek Orion oso ondo pasatu dutela esango diete gurasoei, eta gero baliteke familiarekin egun pasa etortzea».