Orio Arraunketa Elkarteko lehendakari Ibon Huegun eta Orioko Udaleko zinegotzi Elixabete Bello. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Maiatzaren 27tik 29ra Orio Arraunketa Elkarteak IV. Garagardo Azoka antolatuko du Orion. Asteazkenean aurkeztu zuten ekimena elkarteko lehendakari Ibon Huegunek eta Orioko Udaleko zinegotzi Elixabete Bellok. "Aurtengoa laugarren edizioa da, eta ilusioz hartu dugu garagardo azokaren prestaketa, elkartearentzat diru-sarrera izateaz gain, herrian giro polita jartzen baitu" adierazi zuen Huegunek. Aurreko urtetan bezala hiru egunetan zehar herriko plazan garagardo bereziak dastatzeko aukera eskainiko dute. "Gurea azoka txikia bada ere, kalitateari garrantzia ematen diogu, kalean normalean aurkitu ezin daitezken garagardoak eskainiz". Horretaz gain, jatekoa ere eskainiko du Orio Arraunketa Elkarteak: saltxitxak eta ukondoa. "Eta nahi dutenek janaria etxera eramateko aukera izango dute".
Urtero garagardo azokaren inaugurazio ekitaldian Mirotza Sariak banatzen ditu arraun elkarteak kirol munduan nabarmendu diren kirolariak omentzeko. Aurten, Idoia Etxeberria harri-jasotzaile oriotarra eta Iñigiko Martinez Realeko jokalaria izango dira sarituak. "Etxeberria marka guztiak hausten ari da azken hilabeteetan, eta egiten duen lana azpimarratu nahi dugu". Bestetik, Iñigo Martinezek, "harrobia irudikatzen" duela uste du Orio Arraunketa Elkarteak, eta "beren filosofiarekin bat" egiten duela berretsi dute
Horretaz gain, garagardo azoka girotzeko astebururako hainbat ekintza prestatu dituzte: estropada, zuzeneko musika eta Champions futbol txapelketako eta Eskuz banakako finalak zuzenean pantaila handian eskainiko dituzte.
Laguntza txikiak ere garrantzitsuak
Garagardo Azokaren aurkezpenean Orio Arraunketa Elkarteko lehendakariak eskerrak eman zizkien ekimena antolatzea posible egiten duten guztiei. Alde batetik, "eskerrak Orioko Udalari, beharrezkoa den azpiegituraz arduratzen delako. Bestetik, hiru egunetan zehar boluntario lanean aritzen diren herritarrei, eta azkenik azokarako materiala uzten diguten jatetxe eta sagardotegiei: platerak, mahaiak, mahai-tresnak... musutruk uzten baitizkigute". Huegunek adierazi zuen horien denen laguntzarik gabe ezingo luketela azoka antolatu "arraun elkartearentzat lan handia da garagardo azoka antolatzea, eta bost mila euro inguru garbi irabazten ditugu ekimenarekin". Elkarteko urteko aurrrekontuaren %1a gutxi gora-behera. Hasiera batean, aurrekontuarekin alderatuz ekarpenak txikia dirudien arren "laguntza oro ongi-etorria" dela uste dute elkarteko ordezkariek, pixkanaka egiten baita bidea. "Harrobiko taldeak Sevillara (Espainia), Banyolasera (Herrialde Katalanak) edo Burdeosa (Frantzia) asteburu batean estropada jokatzera eramateko adina ateratzen dugu garagardo azokan, eta hori laguntza da guretzat".
Ildo horretan, Orio Arraunketa Elkarteko ordezkariek gogorarazi zuten harrobiari goi mailako formazioa ematen saiatzen direla . "Arraunlariek ez dute gehigarririk ordaintzen kanpoan estropadak jokatzeagatik, eta ahal dugun bitartean horrela izatea nahi dugu". Horregatik, elkartearentzat garrantzitsua da finantziazio bide desberdinak jorratzea, eta Garagardo Azoka horietako bat da.
EGITARAUA
Maiatzak 27, ostirala
- 19:00. Irekiera ekitaldia. Mirotza Sariarekin omenduko dituzte Idoia Etxeberria harri-jasotzailea eta Iñigo Martinez Realeko jokalaria.
- 19:15. Los Caños musika talde oriotarraren kontzertua.
- 22:00. Eneko Etxaberen Bide Batez trikiti taldea zuzenean.
Maiatzak 28, larunbata
- 18:30. Fan&Go taldearekin erromeria.
- 20:45. champions futbol txapelketako finala pantaile handian.
- 23:30. Fan&Go taldearekin erromeria.
Maiatzak 29, igandea
- 11:00. Beteranoen traineru estropada.
- 13:00. Falcons de Vilafranca Kataluniako giza dorreak.
- 18:00. Eskuz Banakako Pilota Txapelketako finala pantaila handian.
- 19:00. Angel Alkainen umore saioa.