Orion saregileei omenaldia

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko maiatzaren 17a

Orio itsasoari eta errioari lotuta egon da beti. Herriko arrantzaleen lana aitortu izan da herrian, baina mendeetan zehar, isilpean, Orioko emakume askok gogor lan egin dute, gizonezkoak arrantzan ziren bitartean.Larunbat goiz-eguerdi partean Oriok den...

Orio itsasoari eta errioari lotuta egon da beti. Herriko arrantzaleen lana aitortu izan da herrian, baina mendeetan zehar, isilpean, Orioko emakume askok gogor lan egin dute, gizonezkoak arrantzan ziren bitartean.

Larunbat goiz-eguerdi partean Oriok denboran atzera egin zuen, eta 1901eko maiatzaren 14ko giroak hartu zuen herria. Antzerkia, erromeria, bertso saioa eta beste hainbat ekitaldi izan ziren egun osoan zehar, tartean Orioko Saltxerak taldeak herriko saregileei egin zien omenaldia.

Balearen Eguna aitzaki hartuta, Orioko feminista taldeak mendetan zehar «isilpean egon den emakumeen lana» aitortu nahi izan zuen larunbatean. Saregileak eta saregile izandakoak oholtza gainera gonbidatu zituzten, eta Rosi Lazkanok Balearen doinua oinarri hartuta haien omenez sortutako bertsoak abestu zizkien.

Saregile askorentzat «hunkigarria» izan zen omenaldia, eta Saregile Elkarteko lehendakari Inma Peirok hitza hartu zuen. Alde batetik, eskerrak eman zizkion Saltxerak taldeari saregileek eta arrantza munduko emakumeen egindako lana aitortzeagatik. Gero, oholtzara igo ziren saregileak banaka aipatu zituen, eta han izaterik izan ez zuten saregile denak gogora ekarri.

Saltxerak taldea

Orioko Saltxerak taldea «gustura» dago omenaldiak herritarren artean izan zuen harrerarekin. «Plaza jendez gainezka zegoen, eta herritar asko eta asko hunkitu egin ziren, herriko familia askotan ezagutu izan baitute arrantza munduan emakumeek isilpean egin duten lana», azaldu dute Saltxerak taldetik.

Orioko talde feministak martxoaren 8aren harira egin zuen Feministorioaren barruan, Orioko saregileekin tertulia antolatu zuen. «Beren lana itzalean egon den arren, ezinbestekoa izan da itsas jarduerarako, saregileen lanik gabe gizonek ezingo bailukete arrantzara atera itsasora». Horregatik, Saltxerak taldeari garrantzitsua iruditu zitzaion emakume horiek egin duten lana aitortzea, eta Balearen Eguna horretarako egun aproposa zela pensatu zuten.

1901ean murgilduta

Oro har, festa giro ederra izan zen larunbatean Orion, eta bisitari ugari bildu zen herriko festara. Askori atentzioa eman zieten Alde Zaharrean barrena banatuta zeuden antzerkitxoek, 1901 urteeko bizimoduaren isla baitziren. Arraunlarien artean ere izan zen berezitasunik, gizon eta emakumez osatutako bost traineruk harrapatu baitute aurten balea. Bale berria zen larunbatekoa, eta enkantean saldu beharrean, itsasora itzuli zuten oriotarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide