[flickr_set id="72157668380317415"]
Orioko Saltxera Feminista taldeak herriko saregileak omendu ditu gaur eguerdian Balearen Egunean. Modu horretan mendetan zehar isilpean egon den emakumeen lana aitortu nahi izan dute, eta nabarmendu dute Orioko ondare arrantzalearen atzean emakume askoren lana dagoela. Herriko hainbat saregile oholtza gainera igo dira, eta Rosi Lazkanok beren omenez sortutako bertsoak abestu dizkie. Saregile elkarteko lehendakari Inma Peirok eskerrak eman dizkio Saltxerak taldeari egindako aitorpenagatik. Gainera, oholtza gainera igo diren saregileak banan banan aipatu ditu, eta bertan izaterik izan ez dutenak gogora ekarri ditu.
Emakume Saregileei bertsoak
Mila bederatzirehun
ta lehenengo urtian,
nahiz ez ditugun hartu
aintzat gaur artian,
emazte eta amak
ez lanan faltian
gizonezkok arrantzan
ziren bitartian
Bost ume egindako
hamaika emazte,
aita ikusi gabe
igual lau-bost aste,
etxean zeukatenak
zeregin hainbeste
moilara joaten ziren
deitu bezain laiste
Pisuz ez ziren mila
ta berrehun arrua,
hola ere nola ez
xamurtu barrua,
aitortzea ez denez
ekintza harrua
har dezatela gure
txaloen orrua
Hau horrela ez bada
herriari galde,
zenbat lan egin zuten
goiz ta arratsalde
bale haren arrantzak
zituen bi alde
eta gu gaude biei
kantatzean alde
Egilea: Rosi Lazkano