Mutiozabal ontziola. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Ezaguna da Orio 1901eko maiatzaren 14an oriotarrek harrapatu zuten balearengatik, bertsoak ere egin zituzten gertatutakoa kontatuz. Dena dela, ez zen kasualitatea izan «12 metro luze eta gerrian 10 lodiko» balea oriotarrek harrapatzea, herriko martxa eta oriotarren bizimodua ibaiari eta itsasoari lotuta egon baitira beti. Ildo horretan, aurtengo Balearen Eguna Mutiozabal Ontziolaren berreskuratze proiektuarekin lotu du udalak. Herenegun, Lurdes Odriozola antropologoak ontziolaren eta bertako nagusi Miguel Antonio Mutiozabalen inguruko hitzaldia eman zuen. Adi-adi jarraitu zituzten oriotarrek Odrizolaren hitzak, antropologoak gaiarekiko duen pasioa entzuleei transmititzen jakin baitzuen.
Ikerlariak azaldu zuenez, bere garairako gizon «aurrerakoia» izan zen Mutiozabal, «buruargia, geldiezina eta ausarta zen, beti helburu berriak lortzeko lanean ari zena». Izatez Aginagakoa zen Mutiozabal familia, eta ontzigile familiako hirugarren belaunaldikoa zen Miguel Antonio. 1876an hartu zuen gazteak familiako negozioa, aita hil zenean. Aginagan zuten ontziolan hasi zen, eta 1887an eraiki zuen Orion. Odriozolak azaldu zuenez, «ez zen berak hasiera batean nahi zuen bidea. Horregatik, ontzigintzaz gain, beste hainbat sektore ere jorratu zituen ontziolan bertan». Luxuzko altzairugintzan, gaur egungo Arin Embil enpresaren aitzindaria izan zen, Mutiozabal y Embil enpresa sortu zuen. Bestalde, antxoa kontserba enpresa ere izan zuen, eta Herbereetara eta Italiara esportatzen zituen Orioko antxoak.
Miguel Antonio Mutiozabal. (Iturria: Lourdes Odriozola)
Dena dela, ontzigintzan egindako lanagatik da ezaguna Mutiozabal, hamarkadatan Oriako ontzigilerik garrantzitsuena izan baitzen. 1876-1929 urteen artean Oria itsasadarreko ontzi produkzioaren %57,39a egin zuen. Odriozolak emandako datuen arabera, «denera 101 ontzi» egin zituen. Gainera, teknologia berriak erabiltzen aitzindaria izan zen: «Punta-puntako teknologia erabiltzen zuen bere lanean, eta kalitate goreneko ontziak egiteagatik ezaguna izan zen». 1931n hil zen Miguel Antonio, eta familiak Ostolaza ontzigileari alokatu zion ontziola; 1954an, Francisco Karrera eta Agustin Gozategirekin elkartu zen Ostolaza. 1968an azken ontzia egin zuten arte «kalitate goreneko egurrezko ontziak» egin zituzten Mutiozabal ontziolan, Odriozolaren esanetan.
EGITARAUA
Gaur, Maiatzak 13
19:00. Zurezko ontzigintza belaunaldiz belaunaldi hitzaldia. Galiziako A Aixola Formakuntza Eskolako irakasle Enrique Otero eta Albaola elkarteko presidente Xabier Agote izango dira hizlariak.
20:00. Talaimendi txaranga kalez kale, Balea elkarteko kideen konpainian.
Bihar, Maiatzak 14, Balearen Eguna
10:30. Hondarribiako Hiru ahizpak batelaren botadura Mutiozabal aurrean, garai bateko botadurak nola izaten ziren azalduko dute.
11:30. Herri antzerkia herrian barrena. 12:00ak bitartean, Lizargate Berrin, Bentanea inguruan, Pilliku plazan, Herriko plazan, Elizako aldapan eta Eusko Gudari kalean Loretxu parean antzerkitxoak egongo dira.
12:00. Kanpai hotsak entzun eta bost traineru barra ingurura joango dira balea harrapatzera, eta plazara bueltatuko dira arraunlariak balearekin. Bertan emanaldia eta antzerkia izango dira.
12:00. Sardinak eta sagardoa, plazan.
13:15. Saregileei omenaldia, Saltxerak taldearen eskutik.
13:30. Bertso saio berezia ibaia, moila eta plaza inguruan: Uxue Alberdi, Jon Maia eta Xabier Sukia bertsolariek parte hartuko dute, eta Pello eta Nikolasa erraldoiak ere bertan izango dira.
14:00. Talaimendi txaranga.
14:30. Herri bazkaria, Gaztetxean.
19:30. Dantza saioa dantza-maisu gidari batekin, Herriko plazan.
21:00. Gure Esku Dagok antolatuta Kriseilu Aireratzea, plaza aurrean.
23:00. Erromeria, plazan.
Ondoren. DJ-ak, Gaztetxean.