Hondakinen inguruan Orioko EH Bilduk

Emeterio Iribar (orioko Eh Bilduren Izenean). 2016ko maiatzaren 11

Aurreko agintaldian, hondakinen kudeaketak bete zituen ia gai politikoei zegozkien titular gehienak egunkari guztietan. EH Bilduk, hondakinen arazoa jarri zuen mahaiaren gainean eta berehala sortu zen eztabaida. Eztabaidatik aterata, ordea, alderdi guz...

Aurreko agintaldian, hondakinen kudeaketak bete zituen ia gai politikoei zegozkien titular gehienak egunkari guztietan. EH Bilduk, hondakinen arazoa jarri zuen mahaiaren gainean eta berehala sortu zen eztabaida. Eztabaidatik aterata, ordea, alderdi guztiak helburu bakarrean egin zuten bat: birziklatzea.

Orioko Udalak, hondakinen mahaia sortu zuen 2011. urtean, eta %70ko birziklatze maila lortzea izan zen mahai horren helburua. Hondakinen birziklatzean pausoak emateko ekintzak diseinatu eta denen artean gauzatzea. Honako ekintzak burutu ziren aurreko agintaldian, besteak beste, herritarrekin, udalarekin eta Urola Kostako Udal Elkartearekin batera:

1.- Ez da marroia, birziklatzea beharrezkoa da kanpaina.

2.- Ontziratu zaitez kanpaina.

3.- Orioko edukiontzien mapa berregituratzea.

4.- Edukiontzien guneak txukuntzea.

5.- Lurpekoak murriztea.

6.- Birziklatzeaz ikastaroak ematea.

7.- Lau auzokonposta gune sortzea.

8.- Herriko parkeetan birziklatzeko guneak ezartzea.

9.- Autokonpostarako kanpainak burutzea.

10.- Hondakinak murrizteko ikastaroa.

2016ko maiatzean gaude, eta oraindik agintaldi berrian ez da hondakinen mahairik deitu. Ez da birziklatze planik aurkeztu. Badirudi EAJren gobernuak helburua aldatu duela. Birziklatzetik erretzera pasatu da. Oriotik oso kilometro gutxira eraikiko den errauste planta kutsagarria eraikitzearekin, arazoa desagertuko dela sinestarazi nahi da. Azken hilabetean zenbait hedabidetan agertutako mediku txostenek azaldu dutenez, osasunarentzat erabat kaltegarria da errauskailu baten ondoan bizitzea, minbiziak sortu, arazo genetikoak areagotu eta arnas aparatuarekin zerikusia duten gaixotasunak areagotzen dituelako, besteak beste.

EAJri ahaztu zaizkio herri galdeketak. Ahaztu zaio birziklatzea, ahaztu herritarrak.

EH Bilduk ez du nahi errauste plantarik Zubietan, ez inon. Herri kontsulta bat nahi dugu etxe ondoan errauskailurik nahi dugun galdetzen duena. Hondakinen mahaia konbokatzea nahi dugu, Udal Gobernuaren lehentasunak hondakinen inguruan zeintzuk diren jakiteko, eta plangintza zein den ezagutzeko. Hondakinei buruz ez hitz egiteak arazoa ez du konpontzen, areagotu egiten du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide