Hainbat berrikuntza izango ditu aurten Orioko Balearen Egunak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko maiatzaren 3a

Bale berria izango dute aurten Balearen Egunean. Bestetik, Mutiozabal ontziolaren berreskuratze proiektuarekin lotu dute jaia eta hitzaldi zikloa antolatu dutePasa den ostiralean Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eta turismo batzordeburu Lourdes Salsame...

Bale berria izango dute aurten Balearen Egunean. Bestetik, Mutiozabal ontziolaren berreskuratze proiektuarekin lotu dute jaia eta hitzaldi zikloa antolatu dute

Pasa den ostiralean Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eta turismo batzordeburu Lourdes Salsamendik Balearen Eguneko egitaraua aurkeztu zuten Donos- tian, Aquariumean. «Gustura» dira udaleko ordezkariak; izan ere, Orioko alkatearen esanetan«egitarau zabala eta osatua prestatu dute udalbatza osatzen duten alderdietako kultura arloko zinegotziek eta teknikariek Salsamendi buru dutela».

Aurtengoan gainera, hainbat berrikuntza izango direla ere jakinarazi zuten. Alde batetik, Balearen Eguna Mutiozabal Ontziolaren berreskuratze proiektuarekin lotu dute, eta ildo horretan datorren astean zehar hainbat hitzaldi izango dira, ontzigintzaren gaiarekin lotuta.

Bestetik, Orioko Udalak bale berria egin du aurtengo Balearen Egunerako. Emaitza txukuna izan zedin, «lanketa handia» egin dutela azaldu zuten udaleko ordezkariek, eta Valentziako enpresa batek egin du balea. «Benetan ikusgarria da emaitza. Euskal balearen erreplika da, 12 metro luze ditu benetakoak bezala», adierazi zuen Salsamendik.

Egun osoko egitaraua

Maiatzaren 14, larunbata, izango da egun seinalatua, eta egun osoko egitaraua prestatu dute ordurako. Herriak denboran atzera egingo du 1901 urtera itzuliz; kaleak eta balkoiak apainduta egongo dira, eta oriotarrak arrantzalez edo garaiko jantziekin jantziko dira jaia girotzeko. «Elizako kanpaiek bale bat azaldu dela abisua emango diete herritarrei eta momentu horretan hasiko da herri antzerkia. Goiko kalean hainbat sketx egingo dituzte eta herri osoa plazan bilduko da, bost traineruk ekarriko duten baleari ongi-etorria emateko».

Bestetik, Balearen Eguna izango dela aprobetxatuz, antzerkiaren ostean, Orioko Saltxerak Emakume Taldeak omenaldia egingo die herriko saregileei, «urtetan zehar saregileek isilpean egiten duten lana aitortuko dute horrela», adierazi zuen Salsamendik. Gero, «bertso saio dinamikoa eta berezia» eskainiko dute errio inguruan Uxue Alberdi, Jon Maia eta Xabier Sukiak.

Bisitariei gonbita

Lourdes Salsamendi turismo zinegotziaren esanetan, «egun oso polita» izango da, «Oriora egun pasa edo asteburu pasa joateko apartekoa. Poltsiko guztietara egokitutako ostatu, taberna eta jatetxe eskaintza dugu Orion eta gure herrira etortzera animatu nahi ditugu herritarrak Balearen Egunean».

Bestalde, udaleko ordezkariek gogorarazi zuten, Orion aparkaleku arazoak sortu daitezkeela jende asko biltzen denean. Horregatik, arazoak saihesteko garraio publikoa erabiltzeko gomendatu diete Balearen Egunera joateko asmoa dutenei: «Orio oso ondo komunikatuta dago tren eta autobus zerbitzuarekin, eta Balearen Egunera Oriora joateko hori erabiltzeko gomendioa egin nahi dugu udaleko ordezkariok».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide