Orioko Balearen Eguneko egitaraua aurkeztu dute gaur Aquariumean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko apirilaren 29a

Gaur goizean Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eta turismo batzordeburu Lourdes Salsamendik Balearen Eguneko egitaraua aurkeztu dute jendaurrean. "Egitarau zabala eta osatua prestatu dute udalbatza osatzen duten alderdietako kultura arloko zinegotziek eta teknikariek Salsamendi buru dutela" adierazi du alkateak. Aurtengoan gainera, hainbat berrikuntza ere izango dira. Alde batetik, Balearen Eguna Mutiozabal Ontziolaren berreskuratze proiektuarekin lotu dute, eta ildo horretan astean zehar hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Bestetik, bale berria egin dute aurtengo Balea Egunerako. "Euskal balearen erreplika da, 12 metro luze ditu benetakoak bezala". Maiatzaren 14, larunbata, izango da egun seinalatua. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta herriak denboran atzera egingo du 1901era itzuliz. Kaleak eta balkoiak apainduko dituzte, eta herritarrak arrantzalez edo garaiko jantziekin jantziko dira. Lourdes Salsamendi turismo zinegotziaren esanetan "egun oso polita" izango da, Oriora egun pasa edo asteburu pasa joateko apartekoa. "Poltsiko guztietara egokitutako ostatu, taberna eta jatetxe eskaintza dugu Orion eta Oriora etortzera animatu nahi ditut herritarrak Balearen Egunean". Bestalde, gogorarazi dute, Orion aparkaleku arazoak sortu daitezkeela jende asko biltzen denean, eta bisitariei arazoak ekiditeko garraio publikoa erabiltzeko gomendatu diete Orioko Udaleko ordezkariek. "Orio oso ondo komunikatuta dago tren eta autobus zerbitzuarekin, eta Balearen Egunera Oriora joateko hori erabiltzeko gomendatzen dugu". Saregileei omenaldia Orioko Saltxerak Emakume Taldeak omenaldia egingon dio herriko saregileei Balearen Eguna izango dela aprobetxatuz. Salsamendik aurkezpenean azaldu duenez, "urtetan zehar saregileek isilpean egiten duten lana aitortuko dute". Aurkezpenaren amaieran Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eskerrak eman dizkio Donostiako Aquariumari agerraldia bertan egiten uzteagatik. "Behar izan dugun guztietam prestutasun osoa agertzen baitu Donostiako Aquiariumak".

EGITARAUA

Maiatzak 5, osteguna - 17:00etan, Tomax pailazoaren abenturak Txipli-txapla ikuskizuna kultur etxean. Maiatzak 7, larunbata - 22:00etan, Benito Lertxundiren kontzertua Karela kiroldegian. Maiatzak 11, asteazkena - 19:00etan, Lourdes Odriozola antropologoak hitzaldia emango du Mutiozabal ontziolari eta ontzigileei buruz. Maiatzak 12, osteguna - 18:00etan, Euskal baleazaleen triskantza dokumentalaren aurkezpena kultur etxean. Proiekzioaren ondoren solasaldia egileekin: Ander Arrese, Eñaut Tolosa eta Beñat Iturrioz Maiatzak 13, ostirala - 19:00etan, Zurezko ontzigintza belaunaldiz belaunaldi hitzaldia. Galiziako A Aixola Formakuntza Eskolako irakasle Enrique Otero eta Albaola elkarteko presidente Xabier Agote izango dira hizlariak. - 20:00etan, Talaimendi txaranga kalez kale Balea elkarteko kideen konpainian. Maiatzak 14, larunbata, Balearen Eguna - 10:30ean, Hondarribiako Hiru ahizpak batelaren botadura Mutiozabal aurrean, garai bateko botadurak nola izaten ziren  erreproduzituko dute, eta 20 ontzitik gora bilduko dira ibaian. - 11:30ean, herri antzerkia herrian barrena. 12:00ak bitartean, Lizargate Berrin, Bentanea inguruan, Pilliku Plazan, Herriko Plazan, Elizako aldapan eta Eusko Gudari kalea Loretxu parean antzerkitxoak egongo dira. -12:00etan, kanpai hotsak entzun eta bost traineu barra ingurura joango dira balea harrapatzera eta plazara bueltatuko dira arraunlariak balearekin. Bertan emanaldia eta antzerkia izango da. - 12:00etan, sardinak eta sagardoa plazan. - 13:30ean, bertso saio berezia ibaia, moila eta plaza inguruan: Uxue Alberdi, Jon Maia eta Xabier Sukia bertsolariek parte hartuko dute, eta Pello eta Nikolasa erraldoiak ere bertan izango dira. - 14:00etan, Talaimendi txaranga plaza inguruan. - 19:30etan, dantza saioa dantza-maisu gidari batekin Herriko Plazan. - 21:00etan, Gure Esku Dagok antolatuta Kriseilu Jaurtiketa plaza aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide