Gozategi goi mailako argazkilaritza ikasketak bukatzear da. 15 urterekin hartu zuen lehen aldiz kamera bat, eta ordutik zaletasunean sakontzen ari da alderdi desberdinak jorratuz.
Nola sortu zitzaizun argazkilaritza bloga sortzeko ideia?Aspaldi hasi nintzen argazkiak ateratzen. Hasieran, lagunei argazkiak ateratzen nizkien eta nire Facebookean zintzilikatzen nituen jendeak nire lana ikus zezan. Hala ere, ez zitzaidan gustatzen nire Facebook pertsonala horretarako erabiltzea, eta argazkilaritzarekin lotutako nire webgune propioa sortzeko garaia zela iruditu zitzaidan. Horren barruan atal bat sortu nuen, blog bat, eta bertan nire lagunei ateratako argazkiak publikatzen hasi nintzen, argazki saioak nola joan ziren ere azaltzen dut.
Argazki sesioak egiten nola hasi zinen?
Osabak argazki kamera reflex bat zuen, eta 15 urte nituela hari kamera eskatu nion argazkiak ateratzeko. Segituan ikusi nuen asko gustatzen zitzaidala argazkilaritza, eta sesio txikiak prestatzen hasi nintzen. Atentzioa ematen zidan leku bat aukeratzen nuen, eta lagunen bati bertan argazki saio bat egiteko proposatzen nion.
Aurrerago, gurasoek argazki kamera bat oparitu zidaten, eta 18 urterekin argazkilaritza ikasten hasi nintzen. Orduan ikusi nuen beharrezkoa nuela nire lanak argitaratzeko plataforma bat, horregatik sortu nuen webgunea. Dena dela, nire lana zabaltzeko sare sozialak erabiltzen ditut. Instagram argazkietan oinarritutako sare soziala da, baina post bakoitzean argazki bakarra onartzen du. Facebooken, berriz, argazki gehiago sartu daitezke. Orduan saio bakoitzeko post bat egiten dut, eta nire blogarekin lotzen ditut.
Zenbatero zintzilikatzen dituzu horrelako lanak zure blogean eta sare sozialetan?
Ezingo nuke esan. Argazki sesioa eginda badut ere, ez ditut zuzenean publikatzen. Bilduma landu egin behar izaten da, eta argazkien artean aukeraketa egin. Horrek denbora eskatzen du.
Zure blogean Orioko hainbat neskari ateratako moda argazkiak ikus daitezke. Nolatan?
Nik kuadrillan oso lagun politak ditut, eta hori ikusita argazki saioak egitea proposatu nien. Gure artean konfiantza dugunez, onartu egin zuten eta horrela saio batzuk egin ditugu. Nik kokalekua aukeratzen dut, eta beraiek modelo lanak egiten dituzte.
Mota horretako saio batek prestaketa behar al du?
Bai. Aukeratutako tokiaren ezaugarriak eta koloreak kontuan hartuta, mota bateko edo besteko arropa eramateko gomendatzen diet, baita zein kolotakoa izatea komeni den ere. Adibidez, baso inguru batean berde asko badago, jantzian marroi pixka bat sartzeko gomendatzen diet. Orain, argazkilaritza ikasketen azken ikasturtean ari naiz, eta exijentzia handiagoa eskatzen diot argazkilaritza saioari. Horregatik, sakonago lantzen ditut saioak aldez aurretik.
Nire argazkiak moda argazkiak diruditela esaten didate zenbaitek, baina argi izan behar da moda argazkiek saltzea izaten dutela helburu, publizitate arlorako izaten dira nagusiki. Horregatik, nik egiten dudana erretratua da, modeloaren sentimenduak, aurpegiko espresioak, bi pertsona badaude elkarren arteko kimika... horri ematen diot garrantzia. Argazkilaritzaren bi arlo horiek antzekotasun asko dituzte, baina helburua desberdina da.
Erraza al da inoiz kamera baten aurrean jarri ez denari horrelako argazkiak ateratzea?
Herriko lagunekin egin ditut argazkilaritza saioak, eta ez dituzte ezagutzen modeloek posatzeko erabiltzen dituzten jarrerak. Niri besteek egiten dituzten argazkiak ikustea asko gustatzen zait, eta besteen lanak aztertuz posturen inguruan asko ikasi dut. Nik dakidana lagunei azaltzen saiatzen naiz, eta oso emaitza onak izan ditut, gaur egun kameraren aurrean lasai jartzen baitira, natural ateratzen zaie.
Uste duzu garrantzitsuak direla sare sozialak zure lanean?
Bai, webgune edo blog bat norberaren lana erakusteko plataforma izan daiteke, eta sare sozialek hori zabaltzen laguntzen dute. Gainera, lana bilatzerakoan ere lagungarri izan daiteke, norberaren lana erakusteko portfolioa erakutsi behar den kasuetan, webguneko helbidea eman eta bertan ikusi baidaiteke argazkilariaren lana. Ni orain blogaren diseinua aldatzekotan nabil, joerak aldatzen ari dira eta baditut buruan hainbat ideia berri. Hala ere, horrek lan asko eskatzen du, eta orain ikasturte amaierako proiektuarekin denboraz larri nabil. Euren lanetik bizi diren argazkilari potenteek diseinatzaileak kontratatzen dituzte webgune berria diseinatzeko, baina ni ikaslea naiz eta nire kontura egiten ari naiz; interneten aurkitzen diren tutorialetan nola egin behar den ikusi eta ni neu egiten ari naiz.
Etorkizunari begira zein asmo dituzu?
Orain 20 urte ditut, eta goi mailako argazkilaritza ikasketen azken txanpan nago, proiektuarekin buru-belarri nabil. Uda sasoian lana egingo dut; argazkilari batek komentatu zidan lana ateratzen bazitzaion hots egingo zidala, eta kamarero ere ibiliko naiz. Datorren irailetik aurrera, kanpora joatea da nire asmoa, ingelesa ikasi eta leku eta pertsona berriak ezagutu nahi ditut, horrek argazkilaritzan ere lagunduko didala uste dudalako. Nagoen tokian nagoela argazkilaritzarekin jarraituko dut, hori baita nire pasioa, eta egiten dudan lana hainbat sare sozialen bidez zabaltzen jarraitzea da nire asmoa.