Udal Legeak bildu dituen hainbat artikulu, «arnasguneen zaintzarako Uemak egindako bidearen eta lanaren isla» direla nabarmendu du Josu Labaka Uemako lehendakariak
Atzo Uemak agerraldia egin zuen Orioko Udaleko areto nagusian apirilaren 15az geroztik indarrean dagoen Euskadiko Tokiko Erakundeen Legearen inguruko balorazioa egiteko. Josu Labaka Uemako lehendakariak azaldu zuenez, ez zen kasualitatea agerraldia Orion egitea: «Udal legean jasotzen diren hainbat aurrerapauso dagoeneko Orioko Udalak eman ditu, horregatik balioa eman nahi genion euskara sustatzeko Orioko Udala egiten ari den ahaleginari. Aipagarria da, Hirigintzako Plan Orokorrean Eragin Linguistikoa ebaluatzeko tresna ezarri duen lehen herrietako bat izan dela Orio Euskal Herri mailan».Labakak positibotzat jo du lege berria, besteak beste, «udalei euskararen inguruko hizkuntza politikak garatzeko eskumena eta lege babesa» ematen dielako; gainera, adierazi du hizkuntza politikentzat «urrats garrantzitsua» izango dela legea. Alde batetik, derrigorrezko elebistasuna arindu delako, eta euskararen inguruko hizkuntza politika zehatzetarako eskumena aitortzen zaielako udalei. «Lehen ere udalak aktibo garrantzitsua izan dira euskara sustatzerako garaian, eta orain legeak hori berretsi du», azaldu du Uemako lehendakariak.
Horrez gain, nabarmendu du Uemara sartzeko aukera legez babesten duela Udal Lege berriak. «Gogoan izan behar dira, hainbat udalek Ueman sartzearen aurka jaso dituzten errekurtsoak, eta legeak horiek gainditzeko bidea irekiko duela uste dugu». Gainera, legeak kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak txertatzeko aukera zabaltzen duela, eta euskara hutsezko akta, agiri eta dokumentuei balio juridiko ematen diela ere azaldu dute Uemakoek: «Uste dugu bazela garaia aitorpen hori egiteko».
Azkenik, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari ere lege babesa ematen diola azpimarratu du Labakak, eta «hirigintza planek hizkuntzan izango luketen eragina aztertzeko beharra ezarri du legeak».
Uemaren ekarpena
Udal Lege berriarekin eman diren aurrerapausoak ikusita, Gasteizko Legebiltzarreko hainbat alderdik legea aurrera ateratzeko egindako ahalegina aitortu eta eskertu du Labakak. «Uemak ere parte hartu zuen Udal Legea osatzeko prozesuan. Euskararen arnasguneetatik zer behar ditugun mahai gainean jarri genuen, eta pozik gaude guk egindako ekarpenetako asko kontuan hartu dituztelako».
Udal Legeak euskararen inguruan bildu dituen hainbat artikulu esaterako, arnasguneen zaintzarako Uemak egindako bidearen eta lanaren isla direla aitortu dute. Izan ere, Uema udalerri euskaldunen zaintzaren inguruan pedagogia egiten ari da, erakusketa, tailer, hezkuntza proiektu eta egitasmo zehatzen bidez herritarrak eta erakunde publikoak sentsibilizatzeko. «Udalak euskaldunagoak dira orain, baina udalerri euskaldunak erdalduntzen ari zaizkigu, eta horri aurre egiteko beharrezkoa da euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoiak egitea».
Uemaren iritziz udalerri euskaldunen ohiko jarduna bermatzeko eta udalerri euskaldunen zaintzarako oraindik ere «irizpide zehatzagoak» behar dira: «Lege honek bildu ez dituenak. Beraz, udal legeak bere garapena beharko du», eta bide horretan erakundeekin elkarlanerako prest agertu da Uema.