Uemak positibotzat jo du Udal Lege berria, udalei euskararen inguruko hizkuntza politikak garatzeko lege babesa eman dielako

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 19a

UEMAk agerraldia egin du gaur eguerdian Orion. (Aiora Larrañaga/Hitza) Gaur eguerdian Uemak agerraldia egin du Orioko Udaleko areto nagusian apirilaren 15az geroztik indarrean dagoen Euskadiko Tokiko Erakundeen Legearen inguruko balorazioa egiteko. Josu Labaka Uemako lehendakariak azaldu duenez, ez da kasualitatea agerraldia Orion egitea. "Udal Legean jasotzen diren hainbat aurrera pausu dagoeneko Orioko Udalak egin ditu, horregatik balioan jarri nahi genuen euskara sustatzeko Orioko Udalak egiten duen ahalegina. Aipagarria da Hirigintzako Plan Orokorrean Eragin Linguistikoa ebaluatzeko tresna aplikatu duen lehen herrietako bat izan dela Orio Euskal Herri mailan". Aurkezpenean Labakak positibotzat jo du lege berria, besteak beste "udalei euskararen inguruko hizkuntza politikak garatzeko eskumena eta lege babesa ematen diela" uste baitu; gainera, adierazi du hizkuntza politikentzat "urrats garrantzitsua" izango dela legea. Alde batetik, derrigorrezko elebistasuna arindu duelako, eta euskararen inguruko hizkuntza politika zehatzetarako eskumena aitortzen zaielako udalei. "Lehen ere udalak aktibo garrantzitsua izan dira euskara sustatzerako garaian, eta orain legeak hori berretsi du". Horretaz gain, nabarmendu du Uemara sartzeko aukera legez babesten duela lege berriak. "Gogoan izan behar dira, hainbat udalek Ueman sartzearen aurka jaso dituzten errekutsoak, eta legeak horiek gainditzeko bidea irekiko duela uste dugu". Gainera, legeak kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak txertatzeko aukera zabaltzen duela, eta euskara hutsezko akta, agiri eta dokumentuei balio juridiko ematen diela ere azaldu du. "Uste dugu bazela garaia aitorpen hori egitekoa". Azkenik, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari ere lege babesa ematen diola azpimarratu du UEMAko lehendakariak, eta "hirigintza planek hizkuntzan izango luketen eragina aztertzeko beharra ezarri du legeak ". Uemaren ekarpena Udal Lege berriarekin eman diren aurrera pausuak ikusita, Gasteizko Legebiltzarreko hainbat alderdik legea aurrera ateratzeko egindako ahalegina aitortu eta eskertu du Josu Labaka Uemako lehendakariak. "Uemak ere parte hartu zuen udal legea osatzeko prozesuan. Euskararen arnasguneetatik zer behar ditugun mahai gainean jarri genuen, eta pozik gaude guk egindako ekarpenetako asko kontutan hartu dituztelako".  Udal Legeak euskararen inguruan bildu dituen hainbat artikulu esaterako, arnasguneen zaintzarako Uemak egindako bidearen eta lanaren isla direla aitortu dute. Izan ere, Uema udalerri euskaldunen zaintzaren inguruan pedagogia egiten ari da, erakusketa, tailer, hezkuntza proiektu eta egitasmo zehatzen bidez herritarrak eta erakunde publikoak sentsibilizatzeko. "Udalak euskaldunagoak dira orain, baina udalerri euskaldunak erdalduntzen ari zaizkigu, eta horri aurre egiteko beharrezkoa da euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoiak egitea". Uemaren iritziz udalerri euskaldunen ohiko jarduna bermatzeko eta udalerri euskaldunen zaintzarako "oraindik ere irizpide zehatzagoak behar dira, lege honek bere baitan bildu ez dituenak. Beraz, udal legeak bere garapena beharko du", eta bide horretan erakundeekin elkarlanerako prest agertu da Uema. Bukatzeko, azpimarratu dute euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideak berdinak direla Euskal Herri osoan, baina hizkuntza politikak garatzerako garaian tokian tokiko errealitate sozio-linguistikoa kontutan hartu behar dela. Ildo horretan, Nafarroako Gobernua Euskal Autonomia Erkidegoan eman den pausotxoa aztertzera, eta Nafarroan ere udalerri euskaldunek beren hizkuntza politikak garatzeko behar dituzten tresnak bultzatzera gonbidatu dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide