Errefuxiatuentzat botak biltzen ari dira Orion, gaur da azken eguna

A. Larrañaga Solaberrieta 2016ko apirilaren 15a

Orioko Udalak bat egin du #katiuskaerronka ekimenarekin, eta gerratik ihesi diren errefuxiatuen artean banatzeko botak biltzen ari da. Elkartasun egitasmoarekin bat egin nahi duten herritarrek Kultur Etxean utzi behar dituzte botak, eta horiek jantzi a...

Orioko Udalak bat egin du #katiuskaerronka ekimenarekin, eta gerratik ihesi diren errefuxiatuen artean banatzeko botak biltzen ari da. Elkartasun egitasmoarekin bat egin nahi duten herritarrek Kultur Etxean utzi behar dituzte botak, eta horiek jantzi ahal izateko galtzerdi parea.

Gaur izango da botak emateko azkenengo eguna. Orioko Kultur Etxea zabalik egongo da 09:00-etatik 13:00etara edo 16:00etatik 20:00etara bitartean. Botak elkarri lotuta eraman behar dira, galtzerdi parea barruan sartuta dutela.

Kanpainaren ekitaldi nagusia igandean egingo dute Donostiako Zuloaga plazan 12:00etan, eta bertan errefuxiatuekiko elkartasuna agertzeko argazki jendetsua aterako dute, kanpalekuetara bidaliko diren oinetako guztiekin.

Tamaina guztietako botak

#katiuskaerronka ekimena Donostia Kulturako langile talde batek antolatu eta jarri du martxan, eta erakunde eta norbanako askoren babesa izaten ari da. Antolatzaileek botak bildu nahi dituzte, gerratik ihesi diren errefuxiatuei elkartasuna adierazteko, eta bide zail horretan oinak lehor eta bero mantendu ditzaten laguntza emateko, horrek gaixotasunak ekin ditzakela uste dutelako. Horregatik, herritarrei tamaina guztietako botak, katiuskak eta oinetako sendoak eta horiek janzteko galtzerdiak emateko deia egin diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide