Errefuxiatuentzat botak biltzen ari da Orioko Udala, eta bihar da horiek entregatzeko azken eguna

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 14a

Orioko Udalak bat egin du #katiuskaerronka ekimenarekin, eta gerratik ihesi doazen errefuxiatuen artean banatzeko botak biltzen ari da. Elkartasun ekimenarekin bat egin nahi duten herritarrek kultur etxean utzi behar dituzte bota eta horiek jantzi ahal izateko galtzerdi parea. Bihar izango da horretarako azken eguna; kultur etxea zabalik dago 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Botak elkarri lotuta eraman behar dira, galtzeri parea barruan dutela. Kanpainaren ekitaldi nagusia igandean izango da Donostiako Zuloaga plazan 12:00etan, eta bertan errefuxiatuekiko elkartasuna agertzeko argazki jendetsua aterako dute, kanpalekuetara bidaliko diren oinetako guztiekin. #katiuskaerronka ekimena Donostia Kulturako langile talde batek antolatu du, eta erakunde eta norbanako askoren babesa izaten ari da. Antolatzaileek botak bildu nahi dituzte gerratik ihesi doazen errefuxiatuei elkartasuna adierazteko, eta bide zail horretan oinak lehor eta bero mantendu ditzaten laguntza emateko, horrek gaixotasunak ekin ditzakela uste baitute. Horregatik, herritarrei tamaina guztietako botak, katiuskak, eta oinetako sendoak emateko deia egin diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide