Euskal Herriko 56. Itzulia Orioko herrigunetik barrena. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Euskal Herriko 56. Itzuliak eskualdea zeharkatu du gaur arratsaldean, eta jendetza bildu da ibilbidean zehar txirrindulariak bertatik bertara ikusteko irrikaz. 14:40ak inguruan sartu da Orion Usurbildik zetorren pelotoia txirrindularitza zaleen gozamenerako. Ikusmina sortu du probak; batez ere Orion eta Aian, herrigunea zeharkatu baitute txirrindulariek bi kasuetan, eta herritarrak kalera atera ziren kirolariak ikustera.
Ibilbide gogorra izan da gaurkoa, «txirrindularitzarako aproposa» adituen iritziz; hasieran eguraldiaren beldur ziren txirrindulariak, baina eguraldia nahiko txukuna izan da azkenean, hainbat unetan euria egin badu ere. Lesakan hasi eta 165 kilometro egin ondoren Orioko hondartzan bukatu da 4. etapa, Aiako aldapa igo ondoren.
Lehia estua jokatuta eta Orioko Txankako bidean tropelari aurrea hartuta Samuel Sanchez izan da etapako txapelduna. Wilco Kelderman (Jumbo) jarri da lider, lau segundora dago Sergio Luis Henao (Sky) eta 7ra Mikel Landa (Sky).
Ostiralean, Oriotik irteera
Ostiralean, bihar 13:00etan abiatuko dute Oriotik 5. etapa (Orio-Arrate, Eibar). Gero, N-634 errepidea hartuko dute txirrindulariek eta eskualdean egingo dituzte aurreneko kilometroak: Zarautz (13:06), Getaria (13:14), Zumaia (13:21) eta Arroabea (13:25).
Laugarren etapa Zarauztik pasatzen IRUDIAK.
[flickr_set id="72157666736084262"]