2016-2017 ikasturterako Danbolin Musika Eskolako tarifak zehaztu ditu udalak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko apirilaren 7a

Danbolin Musika Eskola. (Aiora Larrañaga/Hitza) 2016ko Udal Ordenantza Fiskaletan hainbat aldaketa onartu ditu udalbatzak, asteartean egindako ezohiko udalbatzarrean. Hasiera batean, 2015eko urriaren 27an onartu zituzten Orioko 2016ko Ordenantza Fiskalak, baina Danbolin Musika Eskolako 2016-2017 ikasturterako tasak mahai gainean utzi zituzten orduan, horren inguruan erabakia hartzeko nahikoa informazio ez zutelako. Datuak esku artean izanda hartu dute erabakia, oro har gehienez urteko 7-14 euro arteko igoera izango dute Danbolin Musika Eskolako tasa gehienek. Dantza musika tresna gisa eta bigarren musika tresna izango dira salbuespena; lehenak 34 euroko igoera izango baitu, eta bigarrenak 25 eurokoa. EAJ, Orain eta PSE-EE musika eskolako tarifen igoerarekin ados agertu ziren, baina EH Bilduk kontra egin zuen. Gotzon Igoa zinegotziak adierazi zuenez, EH Bilduk uste du, Aiako Udalari bere herriko ikasleen zatia eta Eusko Jaurlaritzari dagokion %33a ordaintzeko exijitu behar zaiela. Gainera, euskal dantza ikastaroetan emandako igoera Harribil Dantza Taldearentzat «kaltegarria» izan daitekeela ere aipatu zuten. Lurdes Salsamendi Kultura Batzordeburuak argitu zuen dagoeneko Aiako Udalarekin harremanetan jarri direla negoziatzeko. «Elkar ulertzea espero dugu; dena dela, ez da prozesu motza izango. Bestetik, Eusko Jaurlaritzan hitzordua hartuko dugu gaia lantzeko». Horretaz gain, Salsamendik adierazi zuen Harribil Dantza Taldea herrian «errotuta» dagoela, eta ez duela uste musika eskolako euskal dantza saioen tarifen igoerak eragingo dionik. Bestetik, Bpxport enpresak eskatuta, kiroldegiko elektro-estimulazio tasak zehaztu zituzten udalbatzarrean. Saio batek 40 euroko prezioa izango du abonatuentzat eta 50 eurokoa abonatuak ez direnentzat. 10 saioko bonua 270 euroko kostako da abonatuentzat, eta abonatuak ez direnek 350 euro ordaindu beharko dute. Autobus zerbitzua EH Bilduk aurkeztutako mozioa ahoz batez onartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiari autobus zerbitzuan hainbat aldaketa egiteko eskatzea erabaki zuten astearteko udalbatzarrean. Izan ere, Orioko Udalbatzak uste du Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzuan egin berri dituen aldaketek eskualdeari eta bereziki oriotarrei eragin dietela, «herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua okertuz». Horregatik, Orioko Udalbatzak hainbat eskari egingo dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Alde batetik, eskatuko dio eskualdeko autobusek Donostiako autobus geltoki nagusiarekin lotura zuzena izatea, eta horretarako egokiena den ibilbide alternatiboa aztertzea. «Izan ere, Donostiakoa da Gipuzkoako autobus geltoki nagusia, eta bertatik ateratzen dira lurraldetik kanpora doazen autobus guztiak. Gure bailarako herritarrek ordea ez dute bertara zuzenean iristeko aukerarik». Bestetik, ibilbide berrian Amara auzoarekin lotura izango duen geltokia txertatzeko eskatuko dio. «Urteetan Amaran egon den geltokia kendu dute, eta orain arte herritarrei ematen zitzaien zerbitzua galdu da». Horretaz gain, eskatuko dio herritarrek zerbitzu egokia jaso dezaten asteburu eta jai egun arratsaldetako ordutegia aztertzeko, autobusen maiztasunak egokituz. «Egun Donostiara doazen bi autobus pasatzen dira Oriotik bost minutuko tartearekin, eta horien ondoren ordubeteko itxaron behar da hurrengo autobusa iritsi arte». Orioko Udalbatza bat dator, eta uste du Urola Kostako biztanleek kalitatezko garraio publikoa izateko «eskubidea» dutela. «Eta garraio publikoa sendotzeko atzera pausoak egin beharrean, aurrerakoak egin behar direla sinesten dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide