Otsailan hartu zuen Jone Olaskoaga oriotarrak Orioko Kanpineko zuzendari kargua, eta Aste Santuko oporraldian kanpina jendez bete denez, buru-belarri lanean aritu da.
Turismoari dagokionean zer moduzkoa izan da aurtengo Aste Santua?Oso gustura gaude, iaz baino %10 gehiago bete baita kanpina. Aste Santuko egunetan bungalow denak beteta izan ditugu, eta okupazioa %65 ingurukoa izan da partzeletan; gainera, betiko 35 erabiltzaileak ere hemen izan dira. 4-5 egunetan mila lagunetik gora izan ditugu, oso pozik gaude. Horrez gain, bungalowak alokatzeko erreserbak lehenago egin dituzte aurten, horrek esan nahi du bungalowen harrera urtez urte hazten ari dela. Izan ere, herritarrek naturaz gozatu nahi dute, baina zerbitzu egokien bidez eroso egonda.
Gainera, ohartu gara aurten beste urteetan baino kanpoko jende gehiago izan dugula: Herrialde Katalanetatik eta Espainiako hainbat lurraldeetatik etorri dira. Bestalde, gurea familia giroko kanpina da, baina gazte koadrilak ere izan ditugu. Horiek lehen kanpin dendarekin etortzen ziren, baina orain bungalowetan ostatu hartzen dute.
Orioko kanpineko erabiltzaileak zer turismo mota egiten dute?
Aste Santuan datozenak turismoa egitera etortzen dira. Batzuk ingurua ezagutzea dute helburu, eskualdea eta Euskal Herria oro har; beste batzuk Hossegorrera (Frantzia) surfa egitera ere etorri dira aurten. Gure kanpina kokaguneari dagokionean estrategikoa da, eta gero eta erabiltzaile gehiagok erabiltzen dute garraio publikoa.
Udako bezeroa, berriz, ingurukoa da. Gipuzkoako barrualdetik jende asko etortzen zaigu uda sasoian bi-hiru aste pasatzera, eta lasai egotera etortzen dira nagusiki. Goizean hondartzara joan, arratsaldean herritik bueltatxoa eman, eta kanpinaz eta bertako giroaz gozatzera. Dena dela, udan ere hazten ari da kanpotik datorren erabiltzaile kopurua.
Aste Santuko oporraldian zure lanean bete-betean sartzeko aukera izan al duzu?
Nire lana da oporraldi garaia iristen denerako dena prest izatea. Aurreko lana da, antolaketa lana, egun jendetsuetan lan taldea oso ondo moldatzen baita. Aste Santuan jende asko izan dugu, eta sarrera-irteera asko izan ditugun egunetan harrerako langileei laguntzen aritu naiz. Horrez gain, betiko erabiltzaileek Aste Santuko oporraldia aprobetxatu dute beren azpiegitura muntatzeko, eta horiekin ere egon naiz.
Otsailaren bukaeran izendatu zintuzten Orioko Kanpineko zuzendari. Zer moduzkoa izan da postuarekin hartu-emana?
Otsailaren 24an hasi ginen harrerako langileak eta ni lanean, eta ordurako dagoeneko garbitzaileak eta mantenuko langileak martxan ziren. Aurten, martxoaren 1ean ireki dugu kanpina, eta udalak irekierarako dena txukun-txukun egotea nahi izan du, beraz hilabete aurretik hasi gara. Ideia oso ona izan da, bezeroek aipatu baitigute oso irekiera polita izan dela aurtengoa.
Lanari dagokionean oso ondo egokitu naiz. 2004 eta 2005 urteetan kanpineko harreran lan egin nuen Idoia San Sebastian zuzendari zela, eta kanpineko betiko erabiltzaileek ezagutzen ninduten eta oso ondo hartu naute. Lan taldearekin ere hartu-emana oso ona da. Oro har, oso lan polita da, ingurua zoragarria da, eta erabiltzaileak oporretan daudenez giroa ere oso atsegina da.
Turismo arloa ezagutzen al zenuen lehendik?
2001ean diplomatu nintzen Turismoan, eta hasiera hartan Nekatur elkartean kalitateko Q bereizgarria kudeatzen aritu nintzen. Gurasoek landetxea dute, eta elkarteko kide ginenez, kalitatearen arloa jorratzeko aukera izan nuen. Horretarako, Madrilen formazioa jaso nuen Euskalit Fundazioarekin, eta hainbat urtez landetxez landetxe ibili nintzen, zerbitzua hobetzeko gomendioak eman eta izapideak egiten. Dena dela, turismoa ikasi aurretik, administraritza ikasi nuen, eta azken urteotan administrari aritu naiz, eta etxeko landetxea kudeatu dut.
Bi alderdiak baliagarriak izango zaizkizu kanpina zuzentzeko, ezta?
Noski. Ekonomikoki bideragarriak eta turismoari dagokionean erakargarriak diren erabakiak hartu behar dira, baina ahal den zerbitzurik onena eman behar dela ahaztu gabe. Horretarako, ezinbestekoa da ditugun baliabideak ondo erabiltzea. Ildo horretan, azken urtetan udalak kanpinaren irudia hobetzeko ahalegin berezia egin du. Orioko Kanpinak beti izan du garbitasunari eta zerbitzuei dagokionean ospea, baina kanpoko itxura hobetu beharra zegoela ohartu zen udala, eta azken urteotan urrats garrantzitsuak egin dira horretan. Gainera, kanpineko eskaintza hobetzeko lanean ari gara etengabe. Kanpineko borda da adibide bat, ez zitzaion erabilera zehatzik ematen, hutsik zegoen. Aurten, han ludoteka txiki bat jarri dugu, haurrek eguraldi txarra egiten duenean jolasteko edo marrazteko toki bat izan dezaten. Jostailuak, liburuak, futbolina jarri ditugu, eta oso harrera ona izan du. Bordaren beste zatian, jangela txiki bat ipini dugu, dendarekin datozenek eguraldi kaskarra egiten duenean estalpean jateko aukera izateko.
Orain, udako denboraldiari begira jarriko zineten. Zein asmo dituzue?
Lehen aipatu bezala, dugun azpiegitura aprobetxatuz zerbitzua hobetzea da gure helburu nagusia. Horretarako, alde batetik, bizikletak alokatzeko zerbitzua eskaini nahi dugu. Herriko bizikleta dendarekin akordio batera iritsi eta berak jarriko ditu bizikletak. Bestetik, Done Jakue bidea egiten duten erromesei ere zerbitzua eman nahi diegu. Egun guk ditugun produktuak ez dira horientzat egokienak, baina Orioko Udaleko Turismo zinegotziarekin kanpin denda erraldoia ekartzeko aukera aztertzen ari gara. Gainontzeko azpiegitura badugu: jatetxea, komunak, dutxak, eta orain lotarako tokia prestatzea faltako litzaiguke. Orioko erromes aterpeak oso ondo funtzionatzen du, baina jendetsuak diren sasoietan ezin du asetu dagoen eskaera, eta kanpinarentzat aukera izan daiteke. Bestetik, surf enpresekin harremanetan gaude, Orioko Kanpinean surf egonaldiak eskaintzeko.
Beraz, era askotako erabiltzaileei begira ari zarete lanean.
Azken finean, helburua goi denboraldiaz gain, gainontzeko urte sasoietan ere bisitariak erakartzea da, eta uste dut horrek herriari onura ekarriko liokeela. Kanpina udalarena izanik, bertako jardunak herriko ekonomia dinamizatzen lagundu behar du. Herritar guztion dirua inbertitzen du Orioko Udalak kanpinean, eta garrantzitsua da horri merezi duen etekina ateratzea, horretarako buru-belarri lanean ari gara.