Ostegunean Dikeko aldapatik igoko dira txirrindulariak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Atzo abiatu zuten Etxebarrian (Bizkaia) Euskal Herriko 56. Txirrindulari Itzulia, eta ostegunean iritsiko da kirol proba eskualdera. Etzi 4. etapa Orioko hondartza inguruan bukatuko da; Lesakan abiatuko dute etapa txirrindulariek, eta eskualdeko hainbat toki igaro ondoren Orion bukatuko dute egun horretako jardunaldia. Ostegunean Usurbildik barrena 14:50ak inguruan sartuko dira txirrindulariak eskualdean, Orioko herrigunea zeharkatu eta Aia, Zarautz, Getaria eta Zumaia zeharkatuko dituzte, berriz ere bueltan Oriora itzultzeko. Antolatzaileek aurreikusi dute 16:30ak-17:00ak aldean amaituko dela lasterketa egun horretan.
Hurrengo egunean, ostiralean, eguerdi partean, 12:55ean hain zuzen ere, Orioko plazan abiatuko dute txirrindulariek 5. etapa, eta N-634 errepidea hartuta Zarautz, Getaria eta Zumaia zeharkatuko dituzte; gero, Itziarko bidea hartuko dute Eibarko Arrate gainean etapa bukatzeko.
Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia hitzordu garrantzitsua da zaletuentzako, eta goi mailako txirrindulariak ari dira txapelketan parte hartzen. Bertan dira Volta a Catalunyako irabazle Nairo Quintana eta bigarren sailkatu Alberto Contador; baita Dan Martin txirrindulari irlandarra, eta iaz Italiako Birako txapelduna izan zen Fabio Aruk, besteak beste. Guztira hogei talde ari dira parte hartzen lehian, tartean txirrindulari euskaldunak ere badira.
«Antolaketa lanetarako boluntarioak behar ditugu Orion»
[caption id="attachment_292983" align="aligncenter" width="300"]

Fernando Ortiz Guinea
FERNANDO ORTIZ GINEA - Orioko koordinatzailea
Uste duzu Urola Kosta Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliarentzat jokaleku egokia dela?
Gure ingurua txirrindularitza ikuspegitik toki aproposa iruditzen zait niri. Osteguneko etapa Orioko hondartzan amaituko da, eta inguru paregabea da hori. Gainera, oso gertu ditugu Aiak eskaintzen dituen aldapa gogorrak, Aiako pareta bezala ezagutzen dena da horren adibide bat. Txirrindularientzat oso ibilbide osatua da antolatu duguna, oso polita.
Eskualdetik igarotzen diren etapei dagokionean zerbait nabarmenduko al zenuke?
Aurten berrikuntza bezala ibilbidean hainbat aldaketa egin ditugu. Osteguneko etapan txirrindulariek Orioko aldapa esanguratsua igo beharko dute, Dikeko aldapa, hain zuzen ere; hura igo eta San Martin ermitarako bidea jarraituko dute lasterkariek, ondoren hondartzarako bidea hartzeko. Orioko herrigunea igaro eta Aia aldera joango dira. Ondoren, eskualdeko beste herri batzuk zeharkatzeko.
Ostiralean, berriz, etapa Orioko herriko plazatik abiatuko dute, bertan egingo ditugu sinadura kontrola eta irteera protokoloa. Orion hasita eskualdeko kostaldea zeharkatuko dute
N-634 errepidetik barrena.
Urteak daramatzazu mota horretako kirol ekitaldiak antolatzen. Ez da erraza izango, ezta?
Urte asko daramazkit txirrindulari etapak antolatzen, eta antolaketa arloan ez dut arazorik izaten. Zailena azpiegitura arloa koordinatzea izaten da. Alde batetik, zirkulazioa moztu behar izaten da, eta herritarrei ahal den eragozpen gutxien sortzen saiatzen gara. Bestetik, txirrindulari taldeek beren autobus erraldoiak, autoak eta beste hainbat ekipazio ekartzen dituzte, eta horiek denak aparkatzeko leku aproposa bilatzea oso zaila da.
Boluntarioak beharko al dituzue antolaketarako?
Boluntarioen lana beharrezkoa da guztiz. Aian dagoeneko sortu dute taldetxoa; iaz ere lan bikaina egin baitzuen Aiako taldeak. Orion, berriz, antolaketa lanetarako boluntarioak behar ditugu, 50 lagun inguru. Aurten itzulia astean zehar da, eta bestetan boluntario izan diren askok ezingo dute lanean izango direlako. Oriotarrei laguntzeko deia egin nahi diegu; interesa dutenek Joxe Karrera udaltzain buruaren bulegoan eman dezakete izena.
Euskal Herriko 56. Itzulia dela-eta aldaketak
Euskal Herriko 56. Txirrindulari Itzuliak hainbat aldaketa sortuko ditu zirkulazioan. Alde batetik, itzulia N-634 errepidetik igaro bitartean zirkulazioa moztu egingo dute errepidean.
Bestetik, osteguneko goizeko 08:00etatik 17:30era galarazita egongo da ibilgailuak aparkatzea Orioko Antilla, Hondartza, Eusko Gudari, Herriko Plaza, Aritzaga eta Antxiola kaleetan.
Normalean kale horietan aparkatzen dutenek Mendibeltz Zelaiaren ondoko aparkalekua erabili ahal izango dute.
Horrez gain, ostiralean herriko plazatik abiatuko da 5. etapa, eta herrira sartzeko eta ateratzeko Txanka-Hondartza errepidea erabili beharko dute herritarrek, ohiko sarbidea itxitaegongo delako. Gainera, egun horretan Arrantzale, Aritzaga, Kaia eta Herriko Plaza kaleetan aparkatzea debekatuta izango da.