Gaur 14 urte bete dira ETAk Juan Priede Orioko PSE-EEko zinegotzia hil zuela. Hori dela eta, urtero bezala, bere alderdikoek, senideek eta lagunek gogoan izan dute eta lore eskaintza egin diote Orioko hilerrian, bere hilobiaren aurrean.
Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak hartu du hitza ekitaldi xumean, eta esan du Priederen ideiek bizirik jarraitzen dutela: "ETAk gizona hil zuen arren, ez zuen lortu haren ideiekin akabatzea". Priedek defendatu zituen ideia horiek–justizia soziala, elkarbizitza eta askatasuna, kasu— PSE-EEko haren kideengan jarraitzen dutela nabarmendu du.
Era berean, "harro" sentitzen da Arriola PSE-EEko Orioko zinegotzia zenak lanak jarraipena duelako. "Ez soilik haren ideiengatik, baizik eta haren odolekoa den norbaitek hartu duelako bere lekukoa Orioko Udalean: Ana alabak".
Ekitaldiari amaiera emateko,
La internacional kantua abestu dute guztiek elkarrekin.
Duela 14 urteko martxoaren 20an hil zen PSE-EEko zinegotzi bakarra Orioko Udalean. Tiroz hil zuen ETAk, zinegotzia Orioko taberna batean zegoela.