Herritar ugari bildu dira gaur Abaromendi inguruko belazean, eskualdeko beste hainbat herritan egin duten bezala, Zuhaitz Eguna ospatzeko. 50 zuhaitz mota inguru ari dira landatzen, guztiak ingurune horretara egokitzen direnak: arteak, gorostiak, erramuak, gurbitzak eta zuhandorrak, besteak beste.
2013an Herrio Natur Taldeak Abaromendiko parkea egokitzeko proposamena egin zion Orioko Udalari. Horretarako Zuhaitz Eguna antolatu zuten, eta 125 zuhaitz landatu zituzten urte horretan. Aurten, beste 50 zuhaitz landatuko dituzte auzolanean. Modu horretan, oriotarrek beren aisialdian egunero erabili dezaketen natur gune atsegin bat sortu nahi dute.
Landaketaren ostean, hamaiketakoa egingo dute parte-hartzaile guztiek elkarrekin.