Orion, Abaromendi inguruan, 50 zuhaitz landatuko dituzte oriotarrek auzolanean. Landaketa amaitutakoan hamaiketakoa egingo dute parte-hartzaile guztiek.
Igandean Zuhaitz Eguna izango da Orion, eta Abaromendin, inguru horretara egokitutako zuhaitz espezieak, landatuko dituzte: arteak, gorostiak, erramuak, gurbitzak eta zuhandorrak. Modu horretan, oriotarrek beren aisialdian egunero erabili dezaketen natur gune atsegin bat sortu nahi dute.Denera 50 zuhaitz landatuko dituzte, eta aurtengo landaketa Abaromendi inguruko parkea egokitzeko bigarren fasea izango da. Izan ere, 2013an Herrio Natur Taldeak Abaromendiko parkea egokitzeko proposamena egin zion Orioko Udalari. Horretarako Zuhaitz Eguna antolatu zuten, eta 125 zuhaitz landatu zituzten. Aurten, beste 50 zuhaitz landatuko dituzte oriotarrek auzolanean.
Landaketan parte hartu nahi dutenak 10:00etan bilduko dira Abaromendiko parkean. Landatuko diren zuhaitzak eta lanerako tresnak eta material batzuk Orioko Udalak jarriko ditu, baina antolatzaileek uste dute ez dela izango denentzako adina pala eta aitzur, beraz ahal dutenek etxetik eramatea eskatu dute. Landaketa bukatutakoan hamaiketakoa egingo dute parte-hartzaile guztiek.