Oriotarren artean jarduera fisikoa sustatu nahi du Orio Mugiment taldeak

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 11

Igogailua erabili beharrean eskilarak eta aldapak erabiltzea sustatu nahi du Orioko Udalak herritarren artean. (Aiora Larrañaga/Hitza) Eusko Jaurlaritzak gizarte aktiboagoa sustatu nahi du, herritarren artean jarduera fisikoa areagotuz eta sendentarismoa murriztuz. Ildo horretan Orion ere Orio Mugiment izeneko lantaldea sortu dute udaleko kirol batzordeak, gizarte-ongizate batzordeak, Otsakidetzak eta Osasun Sailak, eta aurrerantzean jarduera desberdinak antolatuko dituzte oriotarrak aktibatzeko. Alde batetik, erorketa prebentzio tailerra egingo dute asteazkenean 17:00etan Orioko Kultur Etxean. Adin guztietako herritarrei zuzendua izango da, eta bertan parte hartuko dute Osasun Saileko Natxo Garciak,  Osakidetzako sendagile Gurutze Uriak, Borja Inza fisioterapeutak, eta Orioko Udaleko arduradunek. Orio Mugimentetik gogorarazi dute, "zahartzaroan gertatzen diren istripuen %92a erorketak direla, eta gehienak etxean edo etxetik gertu gertatzen direla". Horregatik, herritarrei gomendioak emanez erorketak murriztea da tailerraren helburua. Bestetik, igogailuaren partez eskailerak hartzeko kanpaina egingo dute. Orio Mugimenteko kideek uste dute  jarduera fisikoa egiteko aukera aproposa dela eskailerak igotzea, "bost aldiz kaloria gehiago erretzen dira, giharrak eta bihotza indartzen dira, eta osteoporosia saihesten laguntzen du" azaldu dute. Ildo horretan, herriko igogailu guztietan pegatinak jarriko dituzte herritarrak eskiralak hartzera animatuz. Jarduera fisikoaren onurak Europako Batzordeko Kontzeiluak dio "onura nabarmenak" dakartzala bizitza osoan zehar jarduera fisikoa egiteak, eta ezinbestekoa dela gainera bizimodu osasungarria eramateko eta biztanleria osasuntsua izateko. Hori lortzeko bidean, osasunarentzat onuragarria den jarduera fisikoaren alorrean politika eraginkorrak sustatzea gomendatzen du, eta ildo hori jarraitu du Eusko Jaurlaritzak. 2013-2020 Osasun Planean 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategiaren eta Jarduera Fisikorako Euskal Planaren harira sortu dute Mugiment egitasmoa. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura, Enplegu eta Gizarte Politikak eta Osasun sailak elkarlanean ari dira.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide