Zuhaitz Eguna antolatu dute Orion martxoaren 20rako

Urola Kostako Hitza 2016ko mar. 10a, 15:57

Haurra aitzurra hartuta zuhaitza landatzeko prest. (Hitza) Datorren igandean, martxoaren 20an, Abaromendiko berdegunean landatuko dituzte inguru horretara egokitutako zuhaitz espezieak: arteak, gorostiak, erramuak, gurbitzak eta zuhandorrak. Horrela, oriotarrek bere aisialdian egunero erabili dezaketen gune atsegin bat sortu nahi dute. Ekimenean parte hartu nahi duten haur eta helduak 10:00etan bilduko dira Abaromendiko parkean,  landatuko diren zuhaitzak eta laneko tresnak eta material batzuk Orioko Udalak jarriko ditu, baina antolatzaileek uste dute ez dela izango denentzako adina pala eta aitzur, beraz ahal dutenek horiek etxetik eramatea eskatu dute. Landaketa bukatutakoan hamaiketakoa egingo dute parte-hartzaile guztiek. Denera 50 zuhaitz landatuko dituzte, eta aurtengo landaketa Abaromendi inguruko parkea egokitzeko bigarren fasea izango da. Izan ere, 2013an Herrio Natur Taldeak Abaromendiko parkea egokitzeko proposamena egin zion Orioko Udalari. Horretarako Zuhaitz Eguna antolatu zuten, eta 125 zuhaitz landatu zituzten. Aurten, beste 50 zuhaitz landatuko dituzte oriotarrek auzolanean. Proiektuarekin hainbat helburu lortu nahi dituzte: alde batetik, herritarrek parkea bere sentitzea nahi dute, baita oriotarren artean bizidunekiko sentsibilizazioa sustatzea eta bertako espeziekin osatutako parke polit eta erabilgarria sortzea ere. Abaromendiko parkea , herritarrak lasai egoteko parkea izatea nahi dute, bertan oriotarrak belarra zapaltzeko beldurrik gabe ibiltzea eta inguruaz gozatzea alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide