Udal aurrekontua onartu dute EAJ, Orain eta PSE-EEk alde eginda

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko martxoaren 10a

  Orioko Antxiola kalean irisgarritasuna landu nahi du udalak. (Aiora Larrañaga/Hitza) Asteartean, Emakumeen Nazioarteko Egunean Orioko Udalbatzak ezohiko batzarra egin zuen. 19:00etan hastekoa uten udalbatzarra, baina ordu horretarako Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira elkarretaratzea deituta zuen Orioko Xaltxerak emakume taldeak, eta Orioko Udalbatzak bat egin zuen aldarri- arekin, eta han parte hartu zuen. Elkarretaratzea bukatuta, 2016ko Udal Aurrekontua izan zuten udalbatzarrean jorratu zuten gai nagusiena. EAJ, Orain eta PSE-EEko aldeko botoekin behin-behinean onartu eman zuten aurtengo aurrekontua. 6.964.460 euroko udal aurrekontua izango da. EAJk proposatutakoa onartu egin dute Orainek eta PSE-EEk, bi udal taldeek jarri dituzten baldintzak eta proposamenak onartu egin dituelako alderdi jeltzaleak. Ildo horretan, erdi mailako liberazioa duten bi zinegotziei maila jaitsiko diete. Orain arte Udalitzeko 28. maila zuten, alkatearen maila bera, baina aurrerantzean 24. maila izango dute. Modu horretan, 6.930 euro inguru aurreztuko ditu Orioko Udalak. Gerakin hori Antxiola kaleko irisgarritasun proiektua idazteko partidara bideratuko dute. Bestetik, Jose Angel Zaldua alkateak (EAJ) hainbat gai bideratzeko konpromisoa hartu du. Esaterako, Orainek eskatuta, dagokien erakundeekin Motondoko gaia, espigoia hiritartzeko lana eta kofradiari irtenbidea emateko bilerak abiatzeko konpromisoa hartu du. Baita parke estalia egitekoa ere. Oraineko bozeramaile Miriam Urangak adierazi zuen, euren programan zeuden hainbat puntu jaso dituela EAJk udal aurrekontuan, eta horregatik onartu dutela. PSE-EEko zinegotzi Ana Priedek bestalde, zazpi proposamen egin zituela azaldu zuen, eta udal aurrekontuari onarpena emateko horiek denak bertan jasotzea zela baldintza. PSE-EErentzat lehentasuna dira, besteak beste, Antxiola kalea hiritartzeko lanak eta Aritzaga kalean eta herriko plazan bizilagunek dituzten arazoak konpontzeko proiektua abiatzea. «Azken hori obra handia da, eta proiektua idazten ez badugu, ezinezkoa izango da finantzabidea lortzea». Priede pozik agertu zen udal aurrekontua lantzeko orduan taldeen artean egon den jarrerarekin. «PSE-EEtik egindako proposamenak gainontzeko alderdiek onartu dituzte, eta guk ere horrela egin dugu eraikitzaileak iruditu zaizkigun proposamenekin. Uste dugu, hau dela jarraitu beharreko bidea, denen parte-hartzearekin udal aurrekontua osatuagoa izaten baita». EH Bildu kontra dago EH Bilduk ezezkoa eman zien aurrekontuei, uste dute: «Aurrekontuak lantzeko egin den prozesua desegokia da, eta aurrekontuak prekarioak direla. Prekarioak, norabiderik gabeko aurrekontuak direlako». Horrez gain, EH Bildutik egindako proposamenen inguruan ez dela konpromisorik hartu salatu zuten: «Herriko egoera sozialaren diagnosia egitea, hondakinen mahaia martxan jartzea eta birziklapen kanpaina abiatzea, Salatxo aretoan irisgarritasun lanketa egitea, San Juango urak berreskuratzeko iturri bat jartzea eta Xaloa atzeko parkearen eta saskibaloi pistaren egoera hobetzea eskatu genuen». Dena den, «pozgarria» iruditu zaie bi zinegotzien maila jaisteko udalean hartu duten erabakia. «Gainontzeko alderdi guztiek egindako presioaren ondorioa izan da». Joxe Anjel Zaldua alkateak erantzun zion EH Bilduri, esanaz, oraindik idatziz ez dituela jaso beraien ekarpenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide