Sara Peña korrikalari oriotarra semearekin, Orioko Mendi Lasterketa bukatu berritan. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Emakumeen mailan hirugarren postua eskuratu zuen atzo Sara Peña korrikalari oriotarrak Orioko Mendi Lasterketan. Bere semeari eskutik emanda sartu zen helmugara ikusleen txalo artean. Lasterketa "gogorra" izan bazen ere, pozik dagoela aitortu zion Urola Kostako Hitzari lasterketa bukatu bezain laster.
Zer moduz joan da lasterketa?
Gogorra izan da, eta nahiko gaizki ibili naiz. Lokatz asko zegoen ibilbidean zehar, eta horrek nekatu egin nau, indarrez nahiko justu iritsi naiz.
Ibilbidea aldatu dute. Zer iruditu zaizu aldaketa?
Lasterketaren lehen zatia izan da aldatu dutena, gainontzean antzekoa da. Ibilbidearen baldintzak izan dira erronka aurten, ahal nuena egin dut, eta hirugarren postuan sailkatzea lortu dut.
Emaitza hobea lortzea pentsatzen al zenuen?
Orioko mendi lasterketan normalean ez naiz ondo ibiltzen, GR-ko zatian ez bainaiz ondo moldatzen. Dena dela, gustura nago emaitzarekin.
Eguraldiak ere ez du lagundu ibilbidean zehar?
Lokatza egoteaz gain, kazkabarra ere egin digu. Parte-hartzaileok elkarri animoak ematen aritu gara, oso baldintza gogorrak baitziren.
Beraz, horrelako lasterketetan laguntasun giroa ere izaten da?
Bai, ezinbestekoa da. Gaur esaterako lokatz asko zegoen zatietan animoak ematen ginen elkarri. Bat erortzen zen, eta gero atzetik beste bat, zer moduz zeuden galdetu eta elkarrekin aurrera egiten genuen.
Denboraldian zehar ere emaitza onak lortzen ari zara?
Bai. Dena dela, iaz lasterketa gehiagotan parte hartu nuen. Aurten, berriz, helburua bestelakoa da Zegama-Aizkorri Mendi Maratoian izena eman dut, eta horretarako prestatzen ari naiz. Ea azkenean parte-hartzeko dortsala lortzen dudan.