Orain udal taldetik ohar bidez jakinarazi dute EAJk aurkeztutako 2016ko udal Aurrekontuei baiezkoa emateko hurrengo baldintzak jarri dituztela.
Alde batetik, politikoen soldata %15 jaistea eskatu dute. "Gehiegizkoa da bi liberatuk alkatearen maila bera izatea. PSE-EE eta EH Bildu ere ados daude puntu honekin. Orioren antzekoak diren Gipuzkoako hamaika herriren artean, Oriokoa da proportzioan pertsonaleko gasturik altuena duen herria" zehaztu dute.
Bestetik, Oraineko kideek Motondoren etorkizuna zehazteko bilera egin nahi dute Eusko Jaurlaritzako teknikariekin: "hauteskundeen gertutasuna ikusita, udaberrian izan beharko luke. Orioko herriak 2 milioi ordaindu zituen lur horiengatik, eta uste dugu udalak berreskuratu egin behar duela diru hori".
Horretaz gain, kofradiaren egoera lehenbailehen bideratzea ezinbestekoa dela iritzi du Orainek; eta hondartzako barra oinezkoentzat egokitzea eta argiteria jartzea ere eskatu dute.
Gainera, gazteekin eta udaletxeko teknikariekin Gaztetxearen plan estrategikoa zehaztu behar dela uste dute.
Udaleko lanpostuak
Orain uda taldetik azaldu dutenez, "azken urtetan Orain taldeak bakarrik defendatu du kontu-hartzaile lanpostua izateko tramiteak hasi eta RPTan txertatzea". Orain hori errealitate izatea nahi dute, baita pertsonalaren inguruko batzorde monografikoa egitea ere.
Gainera, Orioko arrisku puntuak detektatzea, zerrendatzea eta exekuzioa planifikatzea eta zehaztea eskatu dute.